Politika -

80. urtemuga

Durangoko bonbardaketan aritu ziren 45 pilotu identifikatu dituzte

Bonbardaketan parte hartu zuten eskuadrilen egunerokoak eta liburu teknikoak topatu ditu Gerediaga elkarteak. Datuokin, kereila aurkez dezake Udalak.

Erromako artxibategian topatutako liburukietako bat. Argazkia: Gerediaga
Erromako artxibategian topatutako liburukietako bat. Argazkia: Gerediaga
Durangoko bonbardaketan parte hartu zutenak identifikatu dituzte

1:21

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Durangoko bonbardaketan parte hartu zuten 45 militarren izen-abizenak. Aurkikuntza erabakigarria egin du Gerediaga Elkarteak 1937ko bonbardaketaren erantzuleen kontrako izapideak abiatzeko. Durangoko Udalak eskatuta, 1984an ekin zion elkarteak bonbardaketaren inguruko ikerketari, baina berriki topatu ditu datuok. Horiek eskuan, Durangoko Udalak kereila aurkeztu ahalko du.

Jon Irazabal buru zutela, Gerediaga elkarteko kideak Madrilgo eta Erromako bi artxibategi militarretan izan ziren martxoan (Villaviciosa de Odonen dagoen Airearen Artxibategi Nagusia eta Italiako Aeronautika Militarraren Estatu Artxibategi Nagusia), bertan baitaude Espainiako Gerra Zibilean parte hartu zuen abiazioaren datuak. Lehen bisita ez bazuten ere, oraingoan 1984an abiatutako ikerketarako funtsezkoak diren datuak topatu dituzte.

Hala, bonbardaketan parte hartu zuten eskuadrilen egunerokoak eta euren jardunaren liburu teknikoak aurkitu dituzte. Agiriok sakon aztertuta, Durango bonbardatu zuten pilotuak eta bonbardaketak planifikatu zituzten militarrak identifikatu dituzte. Militarrok italiarrak dira, "ofizialki" Espainiako Gerra Zibilean parte hartu ez zutenak.

Horrez gain, Durangon zein motatako bonbak erabili zituzten zehaztu dute ikerlariek, eta bonbardaketak helburu militarrak ez zirenak jo zituela frogatu dute: bonba su-eragileak erabili zituzten horretarako. Ikerketari esker jakin denez, hiru bonbaketarik jaurti zituzten bonbak; laugarrena base militarrera bueltatu behar izan zen, arazo teknikoak tarteko.

Ikerketan egindako aurrerapenak handiak izan badira ere, Gerediaga elkarteak ezin izan du topatu arratsaldeko bonbardaketan parte hartu zuen eskuadrilaren egunerokoa, eta, beraz, abioi horietan zihoazen pilotuak ezin izan ditu identifikatu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Bizkaiko albisteak EAE albisteak Albisteak Gaur Durango Albisteak Memoria historikoa albisteak Frankismoa albisteak