Politika -

ETA-ren armagabetzea

Frantziako agintariek aztertuko dituzte ETAk entregatutako armak

Armategietan jasotako armak aztertu beharko dituzte banan-banan eta, ondoren, arma bakoitzeko akta bana egin beharko dute. Ondoren, Frantziako Justiziak Espainiakoari igorriko dizkio azterketak.

Frantziako agintariak, armategietako batean. Argazkiak: EFE
Frantziako agintariak, armategietako batean. Argazkiak: EFE
Frantziak galdeketa egingo die 172 ikuskariei

1:31

i.g. | Eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Agintari frantziarrek abiatu dute atzo, apirilaren 8an, ETAk zortzi armategiren kokapena entregatu ostean armak jaso eta aztertzeko prozesua.

Orain, jasotako arma bakoitza aztertu egin beharko dute eta arma bakoitzeko akta bana egin beharko dute. Ondoren, Frantziako Justiziak adituen azterketen emaitzen berri emango dio Espainiako Justiziari eta, horri esker, baliteke argitzeke dauden zenbait ekintza eta atentatu argitu ahal izatea.

Antza denez, armak manipulatu gabe eta aktibo daude; izan ere, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bakea eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak gaur Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, hori izan da, hain zuzen, armagabetze prozesuaren baldintzetako bat.

"Ez badituzte deuseztatu, armek balioko dute adituek azterketa bat egiteko, eta hori izan da armagabetze prozesuaren baldintza bat, legala izan behar zuen, eta legala izateko armak suntsitu gabe egon behar ziren eta uste dugu horrela izango dela", azaldu du.

Hain zuzen, ETAk, guztira, 120 suzko arma, hiru tona lehergailu eta hainbat kilo munizio eta detonagailu entregatu zituen, 'bakearen artisau'ek zehaztu zutenez.

Aipatutako armategiak Akitania eta Okzitania eskualdeetan zeuden. Zehazki, armategi batzuk Araujuzon, Maslacq, Viellenave de Navarrenx eta Senpere (Lapurdi) herrietan zeuden, eta gainerakoak bi herri arteko zenbait gunetan: Etxarri (Zuberoa) eta Espiute herrien artean; Barkoxe (Zuberoa) eta Aramits artean; Audaux eta Castetbon artean, eta Lahontan eta Carresse-Cassaber artean.

Frantziako agintariak, armategietako batean. Argazkiak: EFE

Frantziako agintariak, armategietako batean. Argazkiak: EFE

Zehaztutako kokapenetan, bakearen artisauen 172 behatzaile izan ziren ETAk emandako kokalekuetan, Frantziako agintariak heldu eta armak bildu bitartean.

Bestalde, Frantziako Justizia NEBaren kideen testigantza jasotzen ari da gaur, igandea. Ikerketaren inguruko iturriek EFEri adierazi dioenez, epaileek armategietan sakabanatutako begiraleak ere testigantza emateko deitu dituzte.

Eguna goiz hasi zen, Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzordeak (NEB) goizean goiz deitutako agerraldi publiko batean, Baionako udaletxean. Batzordearen buru, Ram Mannikalingam, horren alboan, Txetx Etcheverry Luhusoko taldeko kideetako bat eta Jean-René Etchegaray Ipar Euskal Herriko Euskal Hirigune Elkartearen presidente eta Baionako alkatea, besteak beste.

Mannikalingamek azaldu zuenez, 'bakearen artisau'ek, Etcheverryren eskutik, ETAren zortzi armategiren kokapenak jasotzen zituen txostena eman zien egiaztatzaileei, Baionako udaletxean bertan, atzoko 08:10ean.

Ondoren, NEBk berehala jarri zituen Frantziako agintariak jakinaren gainean, armak jaso eta gorde zitzaten. Une horretan bukatu zen egiaztatzaileen lana.

Esan bezala, 172 begirale egon ziren armategietan sakabanatuta, prozesua normaltasunez burutzen zela baieztatzeko, eta Frantziako Barne Ministerioak bidalitako 200 bat agente (tartean, poliziak eta jendarmeak, lehergailu-teknikariak, eta Polizia Judizialeko eta Barne segurtasuneko zerbitzuetako agenteak ) heldu arte.

 

 

Erakundeen erreakzioa

Iñigo Urkullu lehendakariak, Ram Mannikalingamekin batera, agerraldia egin zuen Donostian ETAren armagabetzeari buruz balioespen instituzionala egiteko. "ETAren armagabetzea edonolako epikatik kanpo dago", esan zuen lehendakariak. "Behin betirako ziurtatzen du ETAk eragindako biktima bakar bat ere ez zuela inoiz eragin behar, inoiz ez", nabarmendu zuenez.

Bere aldetik, Nafarroako Gobernuak ere ETAren armagabetzeari buruzko balorazioa egin zuen. Hartara, "armagabetzea hiritarrek luzaroan eskatutako agindua" izan dela azpimarratu zuen Foru Gobernuak ohar batean.

Espainiako Gobernuaren aburuz, ETAren armagabetzea "porrota disimulatzeko operazio mediatikoa" da eta "interes politikoa ateratzen saiatzeko". Ohar batean, errefusatu egin zuen ETAk emandako armamentuari buruzko baloraziorik egitea, Frantziako agintariek eta justiziak aztertu arte, indarrean dagoen legediarekin bat eginez.

Frantziako Gobernuaren jarrera azaltzeaz Matthias Fekl Barne ministroa arduratu da. Bere hitzetan, ETAk zortzi armategien kokapena bere kabuz eman izana "aurrerapauso handia" da eta, horri lotuta, ministroak ''biktima guztiak'' gogoratu ditu, bereziki Espainiako poliziak eta guardia zibilak.

Ekitaldia Baionan

Bakearen artisauen eta gizarte zibilaren ordezkari talde batek itxi zuen Armagabetzearen Eguna, Baionan apirilaren 8an deituta zuten ekitaldian, oholtzaratu eta hitza hartu eta gero. Bertan, zenbait adierazpen irakurri dituzte, gaur arte egindako bidearen nondik norakoak azalduta eta etorkizunera begira dituzten itxaropenak aurkeztuta. Ekitaldiarekin zenbait eragile sozial, politiko eta ekonomikok parte hartu zuten, hainbat lekutatik etorriak. Jaurlaritzak, aldiz, ez zuen parte hartu.

Mixel Berhokoirigoinek hartu zuen  hitza lehenengoz, euskaraz, eta gizartearen birgizarteratzea eta urte askotan aurrez aurre izan diren gizartearen talde batzuen elkarbizitza lantzearen beharra nabarmendu zituen; "ikasi behar dugu elkarrekin bizitzen, atzoko etsaia ezin da egungo arerioa izan". "Iraganak banatu bagintu, etorkizunak behar gaitu elkartu", esan zuen.

Armagabetzeak, "baldintzarik gabeko armagabetzeak, haustura puntu bat markatzen du iragana eta etorkizunaren artean". Berhokoirigoinen esanetan, "armagabetzea bake prozesuaren bihotzean kokatzen da, bereziki ikuspegi aldaketa ahalbidetzen duelako. Ezer ez da berdin izanen, armagabetzeari ekitea estatuko pareta bat apurtzea baita. Ondorioz, armagabetzea berri on bat da, berri on bat bezala hartu beharko lukete guztiek, baita Frantziak eta Espainiak ere. Harrigarria dena da estatuek ez dutela hori horrela ulertu".

Baiona 3 efe

(Mixel Berhokoirigoin, Baionako arratsaldeko ekitaldian. Argazkia: EFE)

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Frantzia argazkiak Euskadi Ta Askatasuna albisteak Albisteak Gaur Albisteak Frantziako Gobernua