Politika -

Heriotza

Carme Chacon zendu da, Zapaterorekin Defentsa ministro izan zena

Chaconek bihotzeko gaitz bat zuen jaio zenetik, eta 46 urte zituela zendu da Madrilgo bere etxean.

Carme Chacon artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Carme Chacon artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Carme Chacon politikari sozialista hil da

1:35

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carme Chacon Defentsa ministro ohia zendu da igande honetan Madrilen, Polizia iturriek jakitera eman dutenez.

Bere gertuko batek larrialdi zerbitzuei abisu eman die 19:30 aldera, orduak baitzeramatzan Chaconekin harremanetan jarri ezinik.

Madrilgo Udaltzainak eta Suhiltzaileak Chaconen etxebizitzara bertaratu eta etxean sartu dira. Bertan, larrialdi zerbitzuetako medikuek hilda zegoela baieztatu dute. Polizia iturriek zabaldu dutenez, arrazoi naturalengatik zendu da. Chaconek bihotzeko gaitz bat zuen jaio zenetik.

Esplugues de Llobregat (Bartzelona) herrian jaio zen 1971. urtean. Defentsa Ministro bihurtu zen lehendabiziko emakumea izan zen. 2008an eskuratu zuen kargu hori Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente zela. Etxebizitzako ministro ere izan zen 2007an, hori ere Zapaterorekin.

Kongresuko presidenteorde karguan ere izan zen. PSOE barruan Alfredo Perez Rubalcabari Idazkaritza Nagusia lehiatu zion 2012an, eta 2016ra arte Nazioarteko Harremanetarako Idazkaritzan jardun zuen.

Hain zuzen ere, urte horretan uko egin zion ekainaren 26ko hauteskunde orokorretarako zerrendetan parte hartzeari, eta diputatuaren akta utzi zuen Madrilgo abokatu bulego batean lan egiteko.

"Bideak ireki zituen emakumeentzat"

Idoia Mendia PSE-EEko idazkariak atsekabea agertu du Twitter sare sozialean Carme Chacon alderdikidearen heriotzagatik. Berari buruz adierazi du emakumeentzat bideak ireki zituela, Espainiako historian Defentsa ministro bihurtu zen lehen emakumea izan zela gogoan hartuta.

Bere aldetik, Patxi Lopez PSOEko idazkari nagusi izateko hautagaia denak eta lehendakari izandakoak gertatutakoarekin "erabat hunkituta" dagoela esan du sare sozial berean. Azaldu duenez,Chacon "sozialista aparta izateaz gain, lagun bat zen". Albiste ikaragarria", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak PSOE Alderdi politikoak bideoak Gaurko azken orduko albistea