Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Erkoreka: 'Elkarbizitza normalizaturako urratsak adostea da erronka'

Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen hitzetan, ETAk irautea eta memoria kritikoa eraikitzea ez dira uztargarriak, eta desegiteko deia egin dio erakundeari.

E.G | EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAren armagabetzea gauzatu eta bi egunera, "agertoki berri batean" gaudela onartu du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak. "Gauzak hobeto daude orain elkarbizitza normalizaturako urratsak eman ahal izateko", esan du, eta ingurumari horretan, urratsok adostu beharraren garrantzia azpimarratu du Erkorekak.

Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketa batean, armagabetzearen ondotik "fokoa hainbat lekutan" dagoela adierazi du Jaurlaritzako eledunak. Lehenik, ETAren desagertzea aipatu du, izan ere, horren ustez, "ETAk irautea eta gizarteak memoria kritikoa eraikitzea ez dira uztargarriak". Erkorekaren iritzian, urrats hori emateak beste gauza batzuk ahalbidetuko ditu, espetxe politika berria lortzea, esaterako.

Biktimak ere ahotan hartu ditu Jaurlaritzaren bozeramaileak, eta haien aldarrikapenen harira esan du "delitua egon den lekuan", ezingo dela "inpunitaterik egon". Hemendik aurrera egiteko dauden gauzen artean, "ETAk eragindako kalte injustua aitortzea" aipatu du Erkorekak.

Dena dela, zeregin garrantzitsuena erakundeen eta alderdien artean "adoste prozesua" egotea dela azpimarratu du bozeramaileak. "Denok dugu erronka, elkarbizitza normalizatu baten bidean urratsak emateko, urteetan lortu ez duguna lortzeko", erantsi du.

Erkorekak aitortu du Jaurlaritzari ez zaiola gustatu armagabetzea "hiru aste arinago" iragartzea, "tentsio eta noraezeko egunak" sortu direlako tartean. Dena dela, "ez da elkarri kritikak egiteko unea", horren ustez, armagabetzea gauzatu delako, "legaltasunaren barruan, Jaurlaritzak eskatutako irizpideekin", gainera.

Prozesu guztian nazioarteko egiaztatzaileek izandako papera nabarmendu du Erkorekak. Horren aburuz, Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordeko kideek "interes berezia" izan dute erakundeen babesa izateko, eta Jaurlaritza hor egon da, "erantzukizunagatik". "Gu saiatu izan gara egon behar genuen lekuan eta momentuan egoten. Gure ekarpena, armagabetzea hitzartutako baldintzetan egitea izan da, ahalegin guztia horretan jartzea", adierazi du. Hori horrela, hori bermatuta, larunbateko ekitaldietan Jaurlaritzaren presentzia beharrezkoa ez zela gaineratu du Erkorekak.

Urkullu lehendakariak eta Rajoy Espainiako presidenteak azken egunotan izan duten harremanari buruz galdetuta, Urkulluk "leialtasunez" jokatu duela esan du Jaurlaritzako bozeramaileak. Hala, lehendakariak "jakinarazi beharreko guztia jakinarazi dio", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Eusko Jaurlaritza berriak ETA albisteak Gaurko azken orduko albistea Bakea Euskadin