Politika -

Armagabetzearen ondotik

Presoen aldeko 'inplikazioa' helburu, 'aro berri' bati ekin dio Sarek

Herritar plataformak kanpaina bat abiatuko du ekainaren 17an "gatazkaren konponbidean aurrerapausoak emateko".

Azkarraga, Inaxio Oiartzabalekin batera, gaurko prentsaurrekoan. EiTB
Sareren bozeramaileak. Argazkia: EiTB
Azkarraga, Inaxio Oiartzabalekin batera, gaurko prentsaurrekoan. EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAren armagabetzearen ondotik, eta 2017a konponbidearen urtea izango dela sinistuta, "aro berri" bati ekin dio Sare herritarren plataformak.  Hala, "gatazkaren konponbidean aurrerapausoak emateko" kanpaina bat hasiko du ekainaren 17an. Urte erdiko epean "euskal gizarte osoaren inplikazioa" bilatuko dute presoen eskubideen alde, "inor bazter geratu ez dadin".

Kanpainaren nondik norakoak azaldu dituzte prentsaurrekoan Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburu eta Sareko bozeramaileak eta Inaxio Oiartzabal plataformako kideak. Azaldu dutenez, ekainaren 17a "ekitaldi jendetsua" egingo dute "intentsitate handiko" kanpaina abiatzeko. Euren esanetan, "euskal gizartea izango da kanpaina honen protagonista, auzoz auzo, herriz herri, unibertsitatean, kiroletan, kultura arloan...".

Azkarragak aitortu duenez, "euskal gizartearen zati bat ez da konturatu afera ez dela bukatu: ez zen bukatu duela bost urte eta erdi, ETAk jarduera armatua eten zuenean; ezta larunbatean ere. ETA desegiten denean ere, ez da amaituko".

Hori horrela, herritar horiek ere presoen eskubideen aldarrikapenera batu nahi ditu Sarek. "Denok gara beharrezkoak, konfrontazioan eta sufrimenduan murgilduak jarraitu nahi duten horiek bakarrik daude soberan", ohartarazi dute.

ETAren armagabetzea hizpide, "euskal gizartearen arrakastatzat" jo du Azkarragak; jendarte horrek "bake eta bizikidetza nahi eta desio du eta horren alde egin du lan", bozeramailearen ustez. "Apirilaren 8az geroztik, aro berri batean gaudela uste du Sarek, eta euskal gizarteak ezin du aukera galdu", nabarmendu du. Hori horrela, Azkarragak espero du larunbatean gertatutakoak "immobilismoa armagabetzeko" balioko duela.

Halaber, euskal gotzainen jarrera salatu du Sareko eledunak. Haren ustez, euskal gatazkaren konponbidean "beste alde batera begira" egon dira, eta gainera, "konponbidean lagundu nahi izan duten beste gotzainak kritikatu dituzte orain".

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Presoak bideoak ETA Gaurko azken ordukoa Bakea eta adiskidetzea Euskadin Bakea Euskadin