Politika -

Aberri Eguna

Euskal Estatua oroimenetik eraikitzeko deia egin du Independentistak Sareak

Gernikan ospatuko duten Aberri Egunean parte hartzeko deia luzatu diete herritar guztiei, "sigla politikoak albo batean utzita".

Independentistak Sareak eta Gernika Batzordeak egindako agerraldia. Argazkia: EiTB
Independentistak Sareak eta Gernika Batzordeak egindako agerraldia. Argazkia: EiTB
Independentistak Sareak eta Gernika Batzordeak egindako agerraldia. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena dela eta, Independentistak Sareak eta Gernika Batzordeak herri horretan ospatuko dute Aberri Eguna, ‘Askatasuna eta bakea. Euskal Herriak erabaki!’ lelopean, mezu argi bat lau haizetara zabaltzeko: “Euskal Estatu demokratiko eta sozialari, bai! Euskal Errepublikari, bai!”.

Aldarrikapena eta jai-giroa uztartuko dituzte Aberri Egunean. Manifestazioa abiatuko da 12:00etan Gernikako Udaletxe plazatik eta ondoren ekitaldia egingo dute Pasealekuan, ‘Gernikatik independentziara’ goiburupean. Kontzertuak, umeentzako jolasak eta txosnak ere izango dira.

Independentistak Sareak eta Gernika Batzordeak herritar guztiei luzatu diete gonbita Aberri Egunean parte hartzeko, “sigla politikoak eta sentsibilitateko konkretuak albo batean utzita, denon artean konpartitu dezagun etorkizuna iragana oroituz eraikitzeko konpromisoa”.

Bestalde, EH Bilduk iragarri du Gernikan antolatutako Aberri Egunarekin bat egingo duela eta bertara joateko deia egin du, “bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakiko duen herri duin eta justua izan nahi dugula adierazteko”.

“Pertsona libreak herri libre batean izan nahi dugunok gehiengoa gara”, gogoratu du EH Bilduk.

LAB sindikatuak Gernikan nahiz Ustaritzen egingo diren ekitaldietan parte hartzeko deia egin du, “erabakitzeko eskubidea eta aldaketa soziala ekarriko duen subiranotasuna aldarrikatuz”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gernikako bonbardaketa Politika albisteak Aberri Eguna gaur