Politika -

Lezo operazioa

Javier Lopez Madrid OHLko kontseilaria atxilotu dute

Lan batzuk esleitzearen truke, Ignacio Gonzalezi, ustez, 1,4 milioi euroko komisioa ordaindu izana leporatu diote.

Javier Lopez Madrid. Argazkia: MrSquid
Javier Lopez Madrid. Argazkia: MrSquid

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak Javier Lopez Madrid OHL eraikuntza enpresako kontseilari eta Juan Miguel Villar Mir presidentearen suhia atxilotu du Lezo operazioaren baitan. Aipaturiko operazioan, hainbat pertsona atxilotu dituzte, Ignacio Gonzalez Madrilgo Erkidegoko presidente ohia tartean. Lopez Madrid Londresetik bueltan zetorrela atxilotu dute, eta Guardia Zibilak Tres Cantosen duen komandantziara eraman dute.

Ikerketaren iturriek jakinarazi dutenez, Lopez Madrid Erresuma Batuko hiriburuan zegoen atzo, OHLren egoitza miatu zutenean, baina Lezo operazioaren barruan bera ikertzen ari zirela jakin zuenean, Madrilera itzuli zen.

Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu du atxiloketa, hain zuzen ere, Lopez Madridek Ignacio Gonzalezi 1,4 milioi euroko komisioa ordaindu izanaren zantzuak dituelako.

Mostoles eta Navalcarnero udalerrien artean egitekoa zen tren proiektuaren esleipenaren truke egin ei zion ordainketa hori. Atzo, Guardia Zibilak informazioa galdegin zien OHL, Indra, Saerco, Licuas eta PwC enpresei.

OHLk ohar baten bidez adierazi zuenez, lizitazio, esleipen eta kontratazio prozesu guztiak gardentasunez eta legearen arabera egin dituzte.

Horren arabera, OHLk ez dio inoiz komisiorik ordaindu alderdi politiko bati, eta enpresa agintari judizialekin eta Poliziarekin kolaboratzeko prest dagoela gaineratu du.

Juan Miguel Villar Mir buru duen enpresak azpimarratu duenez, ustelkeriaren aurrean "zero tolerantzia" politika du, eta "orain arte" ez dute inoiz delitu horrengatik zigortu.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Albisteak Alderdi Popularra Espainia argazkiak Alderdi politikoak bideoak Ustezko ustelkeria politikoa albisteak Ustelkeriaren mapa Gaurko azken orduko albistea Madril