Publizitatea
X

Irratia zuzenean

Kataluniako erreferenduma 2017: Gobernuak bere konpromisoa berretsi du

Politika

Katalunia

Kataluniako Gobernuak galdeketa 'deitu eta egiteko konpromisoa' berretsi du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

2017/04/21

Erreferendumaren inguruan batasun irudia eman nahi izan du Kataluniako Gobernuak manifestu bat sinatuta.

  • Partekatu
  • Bidali

Iruzkinak

Kataluniako Gobernuak, bere osotasunean, erreferenduma "antolatzeko, deitzeko eta egiteko konpromisoa" berretsi du gaur Generalitateko Jauregian egindako ekitaldi solemne batean. Halaber, horren ardura bere gain hartu du, modu kolektiboan, Kataluniako herriak autodeterminazio eskubidea gauza dezan.

Gobernuko kide guztiek, banan-banan, Carles Puigdemont presidentetik hasi eta zuzendari eta idazkarietaraino, adierazpen bat sinatu dute, 2017an independentziari buruzko erreferenduma antolatzeko konpromisoa berresteko. Testuak ez du balio juridikorik, baina Kataluniako Gobernuak batasun irudia eman nahi izan du azken egunetako ika-mikak albo batera utzita.

"Kataluniako Gobernuaren konpromisoa erreferendumarekin" izeneko manifestuan azpimarratu dutenez, Gobernuko kide guztiek hartu dute zeregin horren "ardura" beren gain, eta "azken bururaino eramateko" eta herritarrek botoen bidez erabakitzen dutena aplikatzeko konpromisoa hartu dute.

Testuak dioenez, bi borondatek elkarrekin talka egiten duten "bidegurutze historiko" batean dago Katalunia: batetik, erreferenduma antolatzeko borondate instituzionala eta soziala dago, eta, bestetik, elkarrizketaren ordez bide judizialaren aldeko apustua egiten duen Espainiako Gobernua.

Manifestua sinatu ostean, Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak emandako hitzaldi laburrean, erreferenduma egiteko konpromisoa berretsi du, "mehatxuen eta autogobernua mugatzeko saiakeren aurrean". Gobernuburuak gaineratu duenez, galdeketa bultzatzeko konpromisoa guztiena da: "Ez dugu bi eskuekin edota laurekin egiten. (Erreferenduma) antolatu, deitu eta egitea ahalbidetuko duten eskuak asko dira".

Puigdemonten esanetan, katalanen gehiengoak —independentistak izan edo ez— gaia erreferendum batekin konpondu behar dela uste du. Horrelako bozketekin konpontzen dira kontuak "demokrazia osasuntsuetan", horren arabera.

Bestalde, Oriol Junqueras Generalitateko presidente ordeak galdeketa antolatzeko eginkizuna Gobernu osoak izango duela azaldu du, eta horren inguruko batasuna azpimarratu. "Elkarrekin hitz ematen dugu dagokigun guztia egingo dugula", gaineratu du.

Iruzkinak

Publizitatea
Publizitatea

NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN
Erreportajeak Aktualitateari buruzko elkarrizketak. Erreportajeak
Publizitatea
Publizitatea

Bisitatuena

    Kargatzen ikusiena
        Kargatzen ikusiena