Politika -

Epaia

Emakume bat zigortu dute sexu erasoen salaketa faltsua jartzeagatik

Iazko sanferminetan Iruñeko taberna batean ukituak jasan zituela salatu zuen emakumeak. Salaketa faltsua izan zela frogatu ostean, 9.651 euroko kalte-ordaina eman beharko dio salatu zuen gizonari.

Sexu erasoen kontra 2016ko sanferminetan egindako kontzentrazioa. Artxiboko argazkia: EFE
Sexu erasoen kontra 2016ko sanferminetan egindako kontzentrazioa. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko Zigor Arloko 1. Epaitegiak 6.000 euroko isuna jarri dio emakume bati salaketa faltsua jartzeagatik. Epaiaren arabera, emakumeak ukituak egin izana egotzi zion gizonezkoari, baina gerora halakorik ez zela gertatu frogatu ahal denez, 9.561 euroko kalte-ordaina eman beharko dio.

Aurreko urteko sanferminetan aipaturiko emakumeak salaketa aurkeztu zuen eta, ondorioz, gizonezkoak bi egun igaro zituen Iruñeko Udaltzaingoaren ziegan, sexu erasoa leporatuta. Gerora, artxibatu egin zuten salaketa.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez, aldeek epaiaren aurkako helegitea aurkez dezakete.

Emakumeak 2016ko uztailaren 10ean salatu zuen gizon batek ukituak egin zizkiola. Gertaerak Iruñeko Gaztelu plazako taberna batean jazo ziren haren esanetan, larunbat gauean. Horrez gain, beste gizon batek beraren bikotekidea eta horren anaia kolpatu zituela esan zuen emakumeak. Hala ere, borrokak ez omen zuen zerikusirik izan salatutako gertaerekin.

Gerora, tabernako segurtasun kamerek hartutako irudiak aztertu zituzten eta akusatuak ez ziola ukiturik egin ikusi zuten. Are gehiago, ukituak egin zizkiona bere bikotekidea izan zela frogatu zuten. Epaiaren arabera, emakumeak salaketa jarri zuenean jakin bazekien ukituak egin zizkiona bere bikotekidea izan zela.

Salaketaren ondorioz, gizonak bi egun igaro zituen ziegan. Gainera, handik irtendakoan, gaixoaldian egon zen uztailaren 12tik 22ra.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Indarkeria matxista Espainian Gaurko albisteak Nafarroan Gizartea albisteak Gaurko azken orduko albistea