Politika -

Katalunia

'Deskonexio' legeak modu lasterrean izapidetzea onartu du Parlamentuak

Estatutik bereizteko legean egun bakarrean eztabaidatu eta bozkatu ahal izango dituzte.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Parlamentuak aldatu egin du Ganberako araudia, Estatuarekin "deskonexioa" egiteko legeak modu lasterrean onartu ahal izateko, hau da, egun bakarrean eztabaidatu eta bozkatu ahal izateko.

Hain zuzen ere, JxSi eta CUP gehiengo independentistak alde bozkatuta onartu dute Parlamentuko araudia moldatzea, eta errefusatu egin dituzte Ciudadanosek, PSCk, Catalunya Si Que Es Potek eta PPCk aurkeztutako osoko zuzenketak.

Parlamentuaren araudiaren hainbat artikulu aldatuko ditu erreformak, eta lege proposamena irakurketa bakarrean onartzeko aukera emango du, Bozeramaileen Batzordeari entzun ostean talde sustatzaileak egindako eskaera osoko-bilkuran onartuz gero.

Hala, irakurketa bakarrarekin, "deskonexio" legeak (trantsizio juridikoaren eta erreferendumaren legeak), lege proposamen gisa aurkeztuak, egun bakarrean eztabaidatu eta bozkatu ahal izango dira.

Jordi Turull Junts pel Siren presidenteak eskatu du irakurketa bakarra, Gobernuaren lege proiektuetan soilik erabil daitekeena, taldeen lege proposamenetarako ere aplikatu ahal izatea.

Bestalde, Anna Gabriel CUPen diputatuak hau adierazi du: "Irakurketa bakarra beharrezkoa bada erreferendumaren legerako, horretarako prest gaudela esaten dugu oraintxe bertan".

Oposiziotik, Jose Maria Espejo-Saavedra (Ciudadanos) Parlamentuaren bigarren presidenteordeak "oposizio demokratikoa baliogabetzea" egotzi die independentistei: "Goizean legea aurkeztu eta arratsaldean onartzeak iraganeko garaiak ekartzen ditu gogora".

Alejandro Fernandez PPCren bozeramaileak esan du araudia horrela aldatzea, talde guztien adostasunik gabe, "Nicolas Maduroek" egiten dutela, Venezuelako presidenteari erreferentzia eginez.

Eva Granados PSCren ordezkariak adostasun eza gaitzetsi du, erreformak "Parlamentuaren izen ona eta funtzionamendua oztopatzen" duelako, independentistek "eztabaida lapurtu eta atzeko atetik" jokatzen dutela iritzita.

Era berean, Lluis Rabell Catalunya Si Que Es Poten presidenteak azpimarratu du erreforma "inteligentziari irain egitea" dela.

Beste alde batetik, lege erreformak botoak delegatzeko araudia aldatzen du, eta batzordeetan ere delegatu ahal izango da, ez soilik osoko bilkuretan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika Kataluniaren independentzia Albisteak