Politika -

Primarioak PSOEn

Susana Diazek baino 5.000 sinadura gutxiago aurkeztu ditu Pedro Sanchezek

Susana Diaz Andaluziako presidentea izan da abal gehien aurkeztu dituen hautagaia: 62.617. PSOEko idazkari nagusi ohiak 57.369 sinadura aurkeztu ditu eta Patxi Lopez lehendakari ohiak 12.000.

Sanchezek sorpresa eman du, 57.000 sinadurekin

1:27

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi ohiak ez ustea eman du ostegun honetan, alderdia gidatzeko 57.369 sinadura aurkeztu baititu Ferraz kaleko PSOEren egoitzan. Gauzak horrela, Susana Diaz Andaluziako presidenteak baino  5.000 abal gutxiago lortu ditu. Aurreko asteetan, Diazen hautagaitzak alde handia aterako ziola zioten alderdikideek.

Susana Diaz izan da PSOE gidatzeko sinadura gehien aurkeztu dituen hautagaia, 62.617 abal guztira (17 kutxa). Halaber, aurretik Ferrazera bidali zituen beste 900 sinadura izan behar dira kontuan. Gauzak horrela, alderdi horren militanteen heren batek Susana Diazi babesa eman diola ondorioztatu daiteke.

Pedro Sanchezen aldekoek 26 kutxa eraman dituzte PSOEren egoitza nagusira, ez ustea emateko asmoz. Hasieran 15.000 sinadura besterik ez zituela aurkeztuko zioten, baina, azkenean, ia 58.000 izan dira.

Beste alde batetik, Santos Cerdan Nafarroako PSOEko bozeramaileak bere hautagaitzak 57.000 sinadura lortu dituela iragarri du.

“Guk ez ditugu beste hautagaiek dituzten bitarteko berak. Dena dela, kalean mahai bat jarri eta sinadurak biltzeko ilarak sortzen ditugu”, ziurtatu du Cerdanek. Ostegun honetan lortu dituzten emaitzekin, maiatzaren 21ean garaipena lortu dezaketela pentsarazten dietela gaineratu du.

Atzerago, alde handiz, Patxi Lopez lehendakari ohia dago: 12.000 sinadura aurkeztu ditu guztira, hau da, Diazek eta Sanchezek baino askoz ere abal gutxiago. Dena dela, PSOE gidatzeko barne hauteskundeetan parte hartzeko gutxienezko sinadurak bildu ditu. Bere esanetan, prozesu horrek ez du baliorik gehitzen, eta hautagai guztiek idazkari nagusi izateko aukera berdinak dituztela nabarmendu du.

130.000 militantetik gora hartu dute hitza

Gaur egun PSOEk 187.949 militante dituen arren, prozesu honetan 130.000 militantek hartu dute parte, eta hiru hautagaietako bati eman diote babesa.

Aurreko idazkari nagusia aukeratzeko primarioetan, 76.488 militantek haien sinadura eman zuten. Abal gehien lortu zituen hautagaia Pedro Sanchez izan zen, Andaluziako PSOEk emandako 41.338 sinadurei esker.

Hego Euskal Herriko emaitzak

Hego Euskal Herrian eskuratutako sinadurei dagokienez, Pedro Sanchezek egurra eman dio Susana Diazi; izan ere, 763 lortu ditu Nafarroan, Susana Diazek, berriz, 166; eta EAEn, Sanchezek 1.044 lortu ditu, eta Andaluziako presidenteak, 96.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Albisteak Alderdi Sozialista Patxi Lopez Espainiako Gobernua bideoak Espainia bideoak Aldaketa PSOEn bideoak Pedro Sánchez albisteak Gaurko azken orduko albistea