Politika -

Kontrolerako saioa

EH Bildu eta lehendakaria, elkarri mokoka, EAJ-PP akordioa tarteko

Hainbat urtez terrorismoaren aurrean izandako "jarrera ez etikoa" leporatu dio Urkulluk koalizioari. EH Bilduk, berriz, EAJk "PPren ustelkeria estrukturala" babestu duela salatu du.

Osoko bilkura beroa, Legebiltzarrean

1:27

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ika-mika gogorra izan dute gaur Larraitz Ugarte EH Bilduko legebiltzarkideak eta Iñigo Urkullu lehendakariak, EAJk eta Eusko Jaurlaritzak PPrekin eta Espainiako Gobernuarekin Estatuko Aurrekontuen eta Kupoaren inguruan lortutako akordioak tarteko.

Kontrolerako saioa dute gaur Legebiltzarrean, eta akordioei buruz EH Bilduk eta PPk egin dizkioten galdera banari erantzun behar izan die lehendakariak.

Larraitz Ugarte EH Bilduko legebiltzarkideak salatu duenez, Estatuko Aurrekontu Orokorrak babestuta, EAJk "gobernu ustel bati eutsi dio", eta egonkortasuna bermatu dio "urte luzetarako". Izan ere, Ugarteren hitzetan, akordioa ez dute 2017rako bakarrik lortu.

Koalizio abertzaleko kideak aitortu du adostutakoaren aurrean "sentimendu anabasa" duela, eta batez ere "auzo lotsa" sentitzen duela. "Esaten digutenagatik, herri honek 5.000 milioi balio ditu. Hori al da herri honen prezioa? Hori al da EAJrentzat Euskal Herriak balio duena? 5.000 milioi euro miserable?", galdetu du.

"Euskaldun bezala auzo lotsa sentitu dut. Gurtel, Punica, Lezo, Nacho Gonzalez, Esperanza Aguirre, Barcenas... babesteagatik", adierazi du legebiltzarkideak eta "Europako alderdi ustelenari txeke zuria ematea" leporatu die jeltzaleei.

LEHENDAKARIA EHBILDU LEGEBILTZARRA EFE

Lehendakaria, EH Bilduri erantzuten. Argazkia: EFE

Ugarteri emandako erantzunean, Gipuzkoako Foru Aldundian zegoenean koalizio abertzaleak Rajoyren gobernuarekin lortutako akordioak zerrendatu ditu Urkulluk, banan-banan.

Lehendakariak kritikatu duenez, koalizio abertzalea "oso zorrotza da besteei irizpide etikoak exijitzen", baina "urte luzetan terrorismoaren aurrean jarrera ez etikoa izan du".

"EAJri eta PSE-EEri ustelak deitzeko gai dira, eta gero, akordioak eskatu. Ez dute koherentziarik", erantsi du. Horren harira, galdera bota dio legebiltzarkideari: "Ugarte anderea, prest egongo al zinateke zu EAJrekin adosteko? Bai ala ez? Ez al gaituzue, behin eta berriz, salatzen ustelak garelako? Norekin adostuko zenukete zuek?"

Ustelkeriaren auzian, lehendakariak argi utzi du "edozein pertsonak eta alderdik Justiziaren aurrean" erantzun behar duela, eta hori izango dela Alderdi Popularraren "penitentzia".

Hori horrela, Iñigo Urkulluk nabarmendu du Espainiako Gobernuarekin "negoziatzen" jarraituko dutela, orain arteko adostasunak "oso positiboak" izan direlako Euskadirentzat.

Alonsok "zuhurtzia" eskatu dio EAJri

Alderdi Popularraren izenean, Alfonso Alonsok hartu du hitza segidan, eta ohartarazpena egin dio lehendakariari. Haren ustez, EAJk "zuhurrago eta arduratsuago" izan beharko luke Kupoaren inguruko akordioa "saltzeko" orduan.

Alonsok aitortu du "legitimoa" iruditzen zaiola jeltzaleek akordioagatik "paparra ateratzea", baina jarrera hori Kontzertu Ekonomikoaren kontra daudenek baliatzen dutela ohartarazi du. Alonsoren hitzetan, "zure bozeramaileetako batzuei entzun diet, eta harrotuta daude".

PPrekin lortutako akordioak "positiboak" direla nabarmendu du lehendakariak bere erantzunean. "Duela lau urte 40.000 pertsona genituen Lanbideren bulegoen aurrean, gaur, lanean ari dira. Merezi du elkarrizketaren eta adostasunaren ateak zabalik edukitzea, Euskadin oraindik badugulako enplegu asko sortzeko", defendatu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Alderdi Popularra Urkullu albisteak Eusko Jaurlaritza berriak Eusko Legebiltzarra argazkiak Espainiako Gobernua Ustezko ustelkeria politikoa EH Bildu Bizkaia Albisteak