Politika -

Barne haustekundeen eztabaida

Abstentzioa eta 'bozen porrota' egotzi diote elkarri Diazek eta Sanchezek

Eztabaida mikatza izan dute buruzagi sozialista ohiak eta Andaluziako presidenteak. Lopezek etorkizunera begiratzeko deia egin du.

Hiru hautagaiak, eztabaidan. EiTB
PSOE zuzentzeko hiru hautagaien eztabaida. EiTB
Diaz, Sanchez eta Lopezen arteko aldeak, agerian eztabaidan

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi Sozialista zuzentzeko barne prozesuaren baitan, eztabaida izan dute gaur hiru hautagaiek: Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi ohiak, Susana Diaz Andaluziako presidenteak eta Patxi Lopez diputatu eta lehendakari izandakoak. Eztabaida mikatza izan da, batez ere Sanchezen eta Diazen artekoa. Rajoyren inbestidura ahalbideratu izana leporatu dio buruzagi ohiak Andaluziako presidenteari, eta hauteskundeetan "inoizko porrotik handiena" izatea Diazek Sanchezi.

PSOE zuzentzeko hiru hautagaiak Ferraz kaleko egoitza nagusian bildu dira, eta euren asmoei buruzko eztabaida egin dute. Dena dela, Sanchezek eta Diazek hauteskundeen porrota eta abstentzioaren alde egin izana leporatu diote elkarri. Bestalde, iragana atzean utzi eta etorkizunari buruz hitz egiteko unea dela azpimarratu Patxi Lopezek.

Sanchezen "gorabeherak" kritikatu ditu Diazek

Andaluziako presidentearen hitzetan, Mariano Rajoyren inbestidura saioan abstentzioaren alde egin izana "erabaki zaila eta mingarria izan zen", baina sozialistek 84 ordezkari besterik ez dutenez ez zutela beste aukerarik nabarmendu du.

Gainera, Sanchezen "gorabeherak" kritikatu ditu Susana Diazek. Andaluziako presidentearen esanetan, idazkari nagusi ohiak bere interesen arabera aldatu du iritzia. Ildo horretatik, Podemosekin izandako jarrera eta lurraldetasunaren inguruan egindako proposamenak aipatu ditu adibide gisa. "Egunero ezinezkoa da Espainiari buruzko ikuspegi desberdin bat izatea, are gutxiago 19; autonomia erkidego bakoitzarentzat bana", leporatu dio Diazek.

Hiru hautagaiak, eztabaida hasi aurretik. Argazkia: EFE

Alderdi Sozialista zuzentzeko hiru hautagaiak, eztabaida hasi aurretik. Argazkia: EFE

Iraganeko jarrera eta esaldiak gogora ekarriz erantzun dio Sanchezek Susana Diazi. Hala, 2006an Estatutuaren alde bozkatu zuela esan dio, eta 2014an ‘nazioa’ zer den eztabaidatu zitekeela esan zuela.

Era berean, euskara, katalana eta galiziera ez direla azentuak eta hizkuntzak direla erantzun dio Sanchezek, eta Espainiako hizkuntza guztiak ezagutzeko gonbita egin dio.

Alderdi Sozialistaren idazkari nagusi ohiaren esanetan, "subiranotasun bakarra dago, Estatu bakarra; espainiarra". Hala ere, pluraltasuna onartu eta sendotu behar direla gaineratu du.

Etorkizunera begiratzea eskatu du Lopezek

Bestalde, sozialistentzat "herrialde bat nomenklatura bat izan beharrean aske bizi diren eta berdinak diren herritarren ituna" dela esan du Patxi Lopezek.

Halaber, iragana atzean utzi eta etorkizunari begira hitz egiteko unea dela azpimarratu du lehendakari ohiak. Hala, sozialisten artean liskarrak alde batera utzi eta eskuinari aurre egiteko balio duen bozka eman dezatela eskatu die militanteei.

Lopezen esanetan, Podemosekin akordioa bilatu beharrean edota akordioa norekin bilatu behar den erabakitzeko eztabaidatu beharrean, bere helburua Alderdi Popularra garaitzea da.

Diputatu sozialistaren hitzetan, sozialisten akordioak kontuan izanik ezin da alderdia definitu, eta berarekin bat datorrela erantzun dio Sanchezek.

Alabaina, hauteskunde kanpainan Sanchezek kontrako jarrera izan duela leporatu dio Lopezek. "Hori ez da egia Patxi", azpimarratu du Pedro Sanchezek. Dena dela, Podemosekin etengabe akordioa bilatzen ahalegindu dela esan dio Lopezek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Alderdi Sozialista Espainia Pedro Sánchez Gaurko azken orduko albistea