Politika -

Txostena

Pertur auzia argitzeko laguntza eskatu dute Jaurlaritzak eta EHUk

Moreno Bergaretxeren desagertzearen inguruko ikerketa 'oso urria' izan dela berretsi du EHUren Giza Eskubideen Katedrak.

'Pertur' kasuari buruzko txostena aurkeztu dute Jaurlaritzak eta EHUk

1:18

EITB.EUs

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eduardo Moreno Bergaretxe 'Pertur' ETA p.m.ko kidea 1976ko uztailaren 23an desagertu zen. Haren gorpua ez da agertu, eta auzia argitu gabe dago. Familiak aurkeztutako kereila bat tarteko, 2008an ikerketa abiatu zuen Auzitegi Nazionalak, baina lau urte geroago artxibatu zuen.

Desagertzearen 41. urtemugan, auziaren inguruko txostena aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzak eta UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrak. Txostena aurkeztuta, aitorpen instituzionala eman nahi zaio Perturren familiari, jasandako bidegabeko kalteagatik. Txostenean berretsi dutenez, auziaren ikerketaren bilakaera "oso urria" izan zen. Era berean, laguntza eskatu dute, kasua argitze aldera.

Txostena goizean aurkeztu dute Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak, Aintzane Ezenarro Gogora institutuaren zuzendariak, Bertha Gaztelumendi lanaren egileetako batek eta Jon Mirena Landa Katedraren arduradun eta txostenaren zuzendariak.

Txostenaren egileek ez dute datu berririk eman, gertakariak eta orain arte dauden datuak deskribatzera mugatu baitira. Txostenaren arabera, gaur gaurkoz ez dago egiletzaren inguruko berritasunik, eta bi hipotesiak daude mahai gainean: ETAko talde Bereziek edota Espainiako zerbitzu sekretuek aginduta, eskuin muturreko taldeek edo Italiako neofaxistek hil zuten.

Ikerketa, "oso urria"

Nolanahi ere, ikerketaren bilakaera "oso urria" izan zen. "Desagertzea gertatu zen unetik bertatik ikerketa eraginkor eta sakon bat egiteko interes falta agerikoa da", irakur daiteke txostenean.

PERTUR TXOSTENA JAURLARITZA EHU EFE

Ezenarro, Gaztelumendi, Landa eta Hernando, txostenaren aurkezpean. EFE

Txostena bi zatitan banatu dute. Lehenengoan, desagertzearen inguruan "badakiguna eta ez dakiguna" bildu dute egileek, eta testuinguruaren eta orduan egindako ikerketen nondik norakoak erantsi dituzte.

Bigarren zatian, auziaren egoera juridikoa aztertu dute. Ikerlarien arabera, gertakariak "ez dira iraganekoak" eta desagertzea "gaur egungoa da", Moreno Bergaretxeren gorpua ez baitute aurkitu. Legearen arabera, auzia ez dago itxita, "ezta gizatasunari dagokionez ere".

Horrenbestez, "ikerketaren falta iraganeko azterketa ez ezik, aldarrikapena ere bada, erakundeok eta gizarteak bere egin behar dutena", ondorioztatu dute txostenean.

Laguntza eske

Auziaren "injustizia" agerian utzi nahi izan dute txostenaren egileek. Horrez gain, daturen bat izan lezaketen pertsonei laguntza eskatu diete, era anonimo batez izanda ere, informazio hori helarazi dezaten, "familiaren sufrimendua neurri batean arintzearren". Azken helburua gertatu zenaren egiaren berri izatea edota Eduardo Moreno Bergaretxeren gorpua non den jakitea da.

"Norbaitek informazioa balu, dela hipotesi baten alde edo bestearen alde, mahai gainean jar dezala, sikiera gizatasunaren izenean, sikiera justiziaren izenean, familiaren sufrimendua arintzeko", eskatu du Jon Mirena Landak.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza EHU albisteak Albisteak