Politika -

'Punica' auzia

Rajoyren kanpainaren zati bat diru publikoaz ordaindu zuten, UCOren arabera

Madrilgo Erkidegoko Gobernuak emandako diru-laguntza publikoen bidez ordaindu zuen, Guardia Zibilaren arabera, Fundescam Fundazioaren bidez, ordainagiri faltsuak eginda.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madrilgo PPk diru publikoarekin ordaindu zuen 2008ko hauteskunde orokorretako kanpainaren zati bat, Guardia Zibilak Punica auziari buruzko txosten batean adierazi duenez. Mariano Rajoy izan zen, hain zuzen, hauteskunde-kanpaina horretako hautagai nagusia eta, ikertzaileen arabera, kanpoko publizitatea, banderak, triptikoak eta 'telepronter'a, esaterako, ordaindu zituzten, Madrilgo Erkidegoko Gobernuak Fundescam Fundazioari emandako diru-laguntzen bidez.

Aurretik aipatutako Guardia Zibilaren txostenean agertzen denez, Europa Pressen arabera, ikus-entzunezko eta diseinu grafikoaren formakuntza sustatzeko ikastaroen "egiaztagiri faltsuak" erabili zituen PPk, hauteskunde kanpainan "benetan" egindako gastuak "estaltzeko", baina ikastaroak ez zituzten inoiz egin.

Unitate Operatibo Zentralaren agenteek Beltran Gutierrez Madrilgo PPren kudeatzaile ohiaren etxebizitzan egindako miaketa batean atzemandako pendrive bat aztertu zuten, eta horren agirietan ageri diren kantitateak bat datoz aipatutako egiaztagiriekin, baina izen ezberdinekin.

Hala, adibidez, 'Kanpoko Publizitatea' izeneko eremuan, 'kartelak' izeneko gaian, Emfasis enpresari emandako 2.389 euro ageri dira, F zutabean, Fundescam Fundazioari dagokiolako. Egiaztagiri faltsuan, kantitate bera eta enpresa bera ageri dira, baina 'Programen edizioen ikastaroak eta mintegiak' izenarekin.

F zutabe horretan, 50.529 eta 46.189 euroko gastuak jaso dituzte, 'esquineros' (hauteskunde-kanpainan alderdiaren publizitatea banatzen duten boluntarioak dira) eta 'telepronter' izenekin, hurrenez hurren. Txostenaren arabera, gastua zenbait egiaztagiritan banatzen zen, baina denak batuz gero, kudeatzaileak jasotako zenbatekoarekin bat zetozen.

Guardia Zibilaren esanetan, diru-laguntza Ignacio Gonzalez Madrilgo presidenteordea izan zen garaian eman zuten, 200.620 eurokoa.

Beltran Gutierrez Molinerrek eta Ignacio Echeverria Madrilgo Erkidegoko Garraioen kontseilari ohiak sinatutako diru-laguntza da (biak ikertzen ari dira auzian). Dokumentu horren bidez, gerora egin ez zituzten ikastaroak, jardunaldiak eta bilerak sustatzen zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak PP Mariano Rajoy Ustezko ustelkeria politikoa albisteak Gaurko azken orduko albistea Madril