Politika -

Protesta

Ustelkeriaren eta PPren aurka protesta egin dute ehunka pertsonak Iruñean

Rajoy eta haren Gobernua demokrazia kaltetzen' ari direla salatu dute. 'Politikatik eta gizarte mobilizaziotik abiatuta jokatzea betebehar etikoa' dela aldarrikatu dute, 'egoera honekin amaitzeko'.

PPren aurkako elkarretaratzea Iruñean. EiTB
PPren aurkako elkarretaratzea Iruñean. EiTB
Ustelkeriaren eta PPren aurkako elkarretaratzea egin dute Iruñean

1:21

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka pertsonak protesta egin dute larunbat honetan Iruñean PPk espainiar estatuan egindako kudeaketaren aurka. Elkarretaratzea Nafarroako Gobernua osatzen duten lautarikoak (Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-E), sindikatuek eta gizarte mugimenduek egon da deituta. PSNk ere bat egin du deialdiarekin.

Elkarretaratzea Nafarroako Gobernu ordezkaritzaren egoitzaren aurrean izan da eta ordu erdi iraun du. 'Ustelkeria gehiago ez. PP kanpora' leloa zeraman pankarta erakutsi dute bertaratu direnek.

Pankarta eusten lautarikoko hainbat kide egon dira (Geroa Bai, EH Bildu, Podemos, IUN eta Batzarre), baita honako hauetako kideak ere: Ezker Sozialista, Nafarroako Ezkerreko Junta Errepublikanoa, Espainiako Alderdi Komunista, Gazte Komunistak, CCOO, Solidari eta Eraldatu sindikatuak eta Duintasunaren Martxak mugimendua. PSNko zenbait kide ere bertan izan dira, Maria Chivite idazkari nagusia eta Fabricio Potestad presidentea buru.

Honako beste elkarte hauek ekimenarekin bat egin dute: Nafarroako gazte Sozialistak, Equo Nafarroa, EHNE sindikatua, Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataforma, Orreaga Fundazioa, Sasoiak kolektiboa eta Xavier Mina Elkartea.

Elkarretaratzean zehar beste hainbat pankarta erakutsi dituzte protestaren gaiaren inguruko hainbat mezu helarazteko. Maraiano Tajoyren argazkiak erakutsi dituzte "kanporatu egin behar da" esaldiarekin batera eta honako esaldi hauek oihukatu dituzte: "Lapurrak. erakundeetatik kanpora!" edota "Hortxe dago Ali Babaren kobazuloa", Gobernu Ordezkaritzari erreferentzia eginda.

Minutu batzuen ostean, Joseba Jimenezek (EH Bildu) eta Uxue Alvarezek (Gazte Komunistak) joan zen asteazkenean plazaratu zuten guztien artean adostutako manifestua irakurri ditu euskaraz eta gaztelaniaz. Bertan, "duintasuna berreskuratzea" eta, ustelkeria kasuen aurrean, Estatuan gobernuan ari den alderdiari "gaitzespena adieraztea" eskatu diete herritarrei.

Adierazi dutenez, gaurko ekimenarekin "PP Gobernu zentraletik kanporatzeko" asmoa irudikatu nahi izan dute, "ez bakarrik Alderdi Popularra egunero zipriztintzen duten ustelkeria kasu ugariengatik, baizik eta baita kasu horiek estaltzeko xedearekin zenbait erakunde politikok eta judizialek egiten duten lanagatik ere".

Manifestuan deitoratu egin dute "Rajoy eta bere Gobernua demokrazia degradatzen" ari direla, eta "obligazio etiko bat" deritzote egoera horrekin bukatzeko asmoz "politikatik eta gizarte mugimendutik jardutea".

Manifestuaren sinatzaileek euren kexua Nafarroara ere zabaldu dute; izan ere, "eskuineko gobernuek diru publikoa arpilatu dute interes orokorrerako galgarriak izan diren operazioekin eta erabilpenik gabeko obra erraldoiekin". Horien artean honako hauek aipatu dituzte: Reyno Arena pabiloia, Los Arcoseko zirkuitua, Caja Navarraren desagertzea, eta Bidearen eta Pirinioetako autobiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea gaur Eguneko albisteak