Politika -

Barne hauteskundeak

PSOEko militanteen % 51k eman du botoa 14:00ak arte

Mario Gimenez batzorde kudeatzaileko bozeramaileak parte hartzea 'oso nabarmena' dela azpimarratu du; izan ere, 2014ko barne hauteskundeetan baino 20 puntu handiagoa da, ordu berean.

PSOEren barne hauteskundeetako hiru hautagaiak. EFE
PSOEren barne hauteskundeetako hiru hautagaiak. EFE
Bozkatzearen aldeko deia egin dute PSOEko hiru hautagaiek

1:31

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOEko afiliatuen % 51k eman du botoa idazkari nagusia aukeratzeko barne hauteskundeetan 14:00ak arte jasotako datuen arabera, Mario Gimenez batzorde kudeatzaileko bozeramaileak aditzera eman duenez.

Bozeramaile sozialistak parte hartzea "oso nabarmena" dela azpimarratu du; izan ere, 2014ko barne hauteskundeetan baino 20 puntu handiagoa da, ordu berean.

PSOEko idazkari nagusi izateko lehian parte hartzen ari diren hiru hautagaiek eman dute botoa gaurko barne hauteskundeetan. Patxi Lopez izan da botoa ematen lehena, 10:20 aldera egin baitu Portugaleten. Ondoren, Susana Diaz hautagai andaluziarrak bozkatu du Sevillan, 11:00k aldera. Azkenik, Pedro Sanchezek Pozuelo de Alarconen eman du boza, eguerdian.

187.949 militante sozialista daude botoa ematera deituta gaur, datozen urteotan PSOE gidatuko duen idazkari nagusia aukeratzeko barne hauteskundeetan. Hiru hautagai izango dira lehian: Susana Diaz Andaluziako Juntako presidentea; urrian lidertza galdu zuen Pedro Sanchez; eta Patxi Lopez lehendakari ohia.

Diazek eta Sanchezek soilik dute irabazteko benetako aukera, faborito garbirik ez dagoen arren. Diazek Sanchezek baino 6.539 sinadura gehiago lortu zituen, eta, beraz, aldea ez da oso nabarmena. Azken emaitzen arabera, Diazek 60.231 sinadura aurkeztu zituen; Sanchezek 53.692; eta Lopezek, 10.866.

2.907 hautesleku prestatu dituzte estatu espainiarrean. Horrez gain, Bruselan, Parisen, Berlinen, Genevan eta Laussanen ere egongo da bozkatzeko aukera, baita Latinoamerikan ere: Txileko Santiagon, Bogotan, Mexiko Hirian, Guadalajaran, Panama Hirian, Liman, Montevideon, Caracasen, Buenos Airesen, Rosarion eta Santo Domingon.

Bozketa 21:00etan amaituko da

Hautesleku gehienak 10:00etatik 20:00etara egongo dira zabalik; Kanarietan eta Latinoamerikan, berriz, 21:00etan itxiko dituzte (Penintsulako orduan).

15:00etan, lehen parte hartze datuak jakinaraziko dituzte. Ondoren, hautesleku guztiak itxi ostean helaraziko dituzte zenbaketaren lehen datuak. 23:30 aldera, behin betiko emaitza jakin ahal izatea aurreikusi dute. Hiru hautagaiek Ferraz kaleko egoitzan jarraituko dute kontaketa.

Ez dute argitu nork emango dituen emaitzak. Behin betiko datuak asteazkenean izango dituzte prest, inpugnazioak ikusi eta gero.

Irabazten duen hautagaiak ez du aginterik izango PSOEk ekainaren 17an eta 18an antolatu duen Kongresuan berretsi arte. Ordura arte, batzorde kudeatzaileari dagokio zuzendaritza.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Alderdi Sozialista Aldaketa PSOEn bideoak Gaurko azken orduko albistea