Politika -

Hitzaldia Madrilen

Puigdemontek erreferenduma hitzartzeko bere eskaintza azalduko du

Ostiralean, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak Kongresura joatera gonbidatu zuen Puigdemont.

Oriol Junqueras eta Carlos Puigdemont. Argazkia: EFE
Oriol Junqueras eta Carlos Puigdemont. Argazkia: EFE
Oriol Junqueras eta Carlos Puigdemont. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak, Oriol Junqueras presidenteordea eta Raül Romeva kanpo arazoetarako kontseilariarekin batera, gaur, Madrilen, planteatuko dio Estatuari udazkenean egitekoa den independentziari buruzko erreferenduma adostearen gaineko azken eskaintza.

Cibeles jauregian emango duten mintzaldian, hiru agintariek Estatuari erreferenduma negoziatzeko azken deialdia luzatuko diote, "demokrazia" auzi bat dela argudiatuta, Generalitateko iturriek jakinarazi dutenez.

Ostiralean, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak Kongresura joatera gonbidatu zuen Puigdemont, erreferendumari buruz bertan eztabaidatu eta hitz egiteko.

Handik ordu gutxira Puigdemontek erantzun zuenez, lehendabizi erreferenduma negoziatzeko proposamen bat helaraziko dio Espainiako Gobernuari, eta adostasun batera helduz gero, itun hori Kongresura eta Kataluniako Parlamentura eramango luke, horien oniritzia edo errefusa jaso dezan.

Asteleheneko hitzaldiaren ostean Madrilgo Gobernuak erreferenduma negoziatzeari uko egiten jarraitzen badio, PDeCAT eta ERC alderdiek osatzen duten Kataluniako Gobernuak aldebakartasun faseari helduko dio, iralairen amaieran edota urriaren hasieran galdeketa egitera deitzeko.

Puigdemontek bakarrik aldatuko luke egutegia, baldin eta Mariano Rajoyren Gobernuak erreferendum bat negoziatzeko prest agertuko balitz.

Efek galdetutako Kataluniako Gobernuko iturrien arabera, ez liokete aldebakartasun faseari berehala helduko; izan ere, bihar Espainiako gizartean eztabaida piztu nahi du Puigdemontek, eta horren gainean gogoeta egiteko tartea eman nahi dio. Horrenbestez, bihar edota aste honetan zehar ez du jakinaraziko erreferenduma noiz izango den, ezta galdera zein izango den ere.

"Erreferendum bat Kataluniarentzat. Adostasun demokratiko baterako gonbidapena" izango duen biharko mintzaldia arratsaldeko 18:00etan hasiko da, eta ordubete iraungo du, gutxi gorabehera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniaren independentzia Espainiako Gobernua albisteak Albisteak Pere Aragonès