Politika -

Espetxe politika

Presoen aferan 'Gobernuak zorrotz beteko du legea', Zoidoren arabera

Barne ministroak gezurtatu egin du PP eta EAJ presoen balizko hurbiltze bat negoziatzen ari direnik. Jeltzaleek ere ukatu dute albistea.

Zoido, artxiboko irudi batean. EFE
Juan Ignacio Zoido. EFE
Zoido, artxiboko irudi batean. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Biktimei zor dien errespetu eta zorroztasunagatik", Espainiako Gobernuak "legea zorrotz beteko du" euskal presoen aferan. Hala azpimarratu du gaur Juan Ignacio Zoido Barne ministroak, irrati kate batek zabaldutako informazioa gezurtatzeko.

Twitter sare soziala erabili du espainiar ministroak mezua emateko, aurrez Daniel Portero Dignidad y Justicia taldeko presidenteak botatako txio bati erantzunez. "Ez dago inongo negoziaziorik, Daniel Portero, legea zorrotz betetzea baino ez dugu aurreikusi, biktimei zor diegun errespetu eta zorroztasunagatik", esan du Zoidok.

Cadena SER irrati kateak gaur kaleratutako informazioa gezurtatzeko eskatu dio Porterok Ministerioari, eta "biktimek ez dugu gehiegikeria hori onartuko", azpimarratu du.

Cadena SER irrati kateak gaur jakinarazi duenez, Alderdi Popularra eta EAJ espetxe politika aldatzea negoziatzen ari dira. Horren arabera, eta legea beteko duten konpromisoa hartuta, presoak Euskaditik gehienez 250 kilometrora kokatutako kartzeletara ekarriko dituzte.

Eusko Jaurlaritzak berak proposamen hau berau du bere planean. Martxoan Josu Erkorekak azaldu zuenez, aldiro-aldiro eguneratzen dute plana, eta 2016ko azaroan egin zuten azken moldaketa.

EAJk ere ukatu du akordioa

Barne ministroak bezala, EAJk ere ukatu egin du PPrekin horren inguruan itunik adostu izana. "Aurrekontuen negoziazioan ez dugu gaia aipatu", argitu du Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak.

Ganberan egindako adierazpenetan, gaia euskal agendaren barruan dagoela onartu du Estebanek, eta, EAJk, "noizean behin", gai hori "Espainiako Gobernuarekin hizpide hartzen du, baina gaur-gaurkoz ez dago berrikuntzarik", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Alderdi Popularra Eusko Jaurlaritza berriak Espainiako Gobernua albisteak Presoak argazkiak Albisteak