Politika -

Lehendakaria Kolonbian

Urkullu Santosekin bildu da Bogotan

Kolonbiako presidenteak eta Sergio Jaramillo Bakerako goi mandatariak lehendakaria hartu dute Bogotan.

Iñigo Urkullu, Sergio Jaramillo eta Juan Manuel Santos. Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Iñigo Urkullu, Sergio Jaramillo eta Juan Manuel Santos. Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Iñigo Urkullu Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentearekin bildu da

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakaria Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentearekin eta Sergio Jaramillo Bakerako goi mandatariarekin bildu da ostegun honetan Bogotan, presidentearen jauregian.

Kolonbian egiten ari den bidaia ofizialean, lehendakaria Jaramillorekin soilik batzartuko zela zegoen aurreikusita, baina azkenean Santosekin ere egon izan ahal da.

Euskal Herriko eta Kolonbiako bake prozesuetan bi gobernuek izan dituzten esperientziak elkartrukatzeko eta aurrerantzean elkarlanean aritzeko proposamena luzatu dio lehendakariak Santosi.

Batzarrak ordubete pasatxoko iraupena izan du. Aipatu hiru agintariez gain, Marian Elorza Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Ekintzarako idazkari nagusia eta Rafael Kutz Eusko Jaurlaritzak Kolonbian duen ordezkaria izan dira.

Jaurlaritzak ohar baten bidez zehaztu du bidaia honen helburua ez dela soilik ekonomikoa, eta, beraz, bakegintzaz eta giza eskubideen errespetuaz aritzeko ere baliatu dutela.

Sergio Jaramillo apirilaren 28an Euskal Herrian izan zenean hasi ziren gaurko bilera prestatzen.

Esan bezala, bakegintzan eta bizikidetzan bi gobernuak elkarlanean aritzeko aukera eskaini dio Urkulluk Santosi, nork bere herrian izan duen esperientzia azalduta.

Lehendakariak azaldu duenez, Kolonbiako Gobernuak gerrillaren armagabetzeari edo lursailen kudeatzeari lotuta egin behar dena zer den badaki, baina ez dute eredu jakin bat bake prozesuaren garapena oinarritzeko.

Santosek begi onez hartu du Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aritzeko aukera eta Urkulluk Kolonbian bakea lortzeko egiten ari direna urratsak txalotu ditu, "oztopoak oztopo aurrera jarraitzen dutelako".

Kazetariek balizko akordioaren puntu zehatzak zeintzuk izan daitezken galdetuta, Urkulluk esan du Euskal Herriko eta Kolonbiako "errealitateak ezberdinak" direla, baina bi gatazketan badaudela "puntu komunak", hala nola, "biktimei eta bizikidetzari lotutakoak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Lehendakaria Eusko Jaurlaritza Gaurko azken orduko albistea Zer gertatu da Kolonbian?