Politika -

EH BILDU

Arnaldo Otegi, EH Bildu zuzentzeko hautagaitza bakarraren buru

Harekin batera, Gari Mujika (zuzendari nagusia), Ainhoa Beola (Programa zuzendaria), eta Maider Carrere (Barne Antolaketa zuzendaria) daude, besteak beste, Mahai Politikorako plantxan.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ez da ezusterik izan. Arnaldo Otegi da EH Bilduko koordinatzaile nagusi izateko hautagai bakarra, koalizioak ohar batean jakinarazi duenez. Koalizioa osatzen duten lau alderdiek (Sortu, EA, Aralar eta Alternatiba) bart adostu dute hautagaitza, eta goizean eman dute Mahai Politikorako aurkeztutako hautagaitzaren berri.

Hautagaitza bakar honetan, Gari Mujika kazetari gipuzkoarra zuzendari nagusirako aurkeztu dute. EH Bilduko koordinazio taldeko kidea Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate ohiaren kabinete zuzendari izandakoa da.

Era berean, Ainhoa Beola Aralarreko buruzagia eta Koldo Castañeda nafarra Programa eta Komunikazio zuzendari kargurako proposatu dituzte. Maider Carrere EAko kideak eta Josu Juaristi EH Bilduko europarlamentariak osatzen dute Mahai Politikorako hautagaitza hau (Barne Antolaketa eta Nazioarteko zuzendari kargurako, hurrenez hurren).

Herrialdeetako hautagaitzak

Horrez gain, lau herrialdeetako hautagaitza bakarra aurkeztu da. Hala, Ibon San Saturnino proposatu dute Arabako arduradun politiko izateko; Asier Vega, Bizkaikoa izateko; Unai Larreategi, Gipuzkoarako; eta Jon Garai, Nafarroarako.

Euskal erakundeetan duten ordezkaritzari lotuta, honako hauek ere tartea izango dute Mahai Politikorako hautagaitzan: Bakartxo Ruiz (Nafarroako Parlamentuko koordinatzaile), Adolfo Araiz (Parlamentuko bozeramaile), Unai Urruzuno (Eusko Legebiltzarreko koordinatzaile), Maddalen Iriarte (Legebiltzarreko bozeramaile) eta Marian Beitialarrangoitia (Kongresuko eta Senatuko ordezkari).

Azkenik, alderdi bakoitzak izendatutako ordezkari banarekin osatuko da Mahaia.

EH Bilduk ekainaren 17an egingo du zuzendaritza berritzeko kongresua, Bilboko Euskalduna Jauregian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Berriak Politika Albisteak Sortu Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoako albisteak Nafarroako albisteak Araba EH Bildu Aralar Gipuzkoa EA Eguneko albisteak Albisteak