Politika -

Katalunia

Erreferenduma gatazkaren 'konponbidea' dela uste dute EAJk eta EH Bilduk

Joseba Egibar bozeramaile jeltzalearen aburuz, Mariano Rajoyren Gobernuak 'ez du erreferendumik onartuko, ezta galdeketa simulakrorik ere'.

Iker Casanova eta Jose Antonio Pastor, Radio Euskadiko tertulian. EiTB
Iker Casanova eta Jose Antonio Pastor, Radio Euskadiko tertulian. EiTB
Kataluniako erreferenduma eztabaidagai, 'Radio Euskadi'n

6:18

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Egibar Eusko Jaurlaritzako bozeramaile jeltzaleak baieztatu duenez, Katalunian iragarritako erreferenduma "guztiz demokratikoa" da, nahiz eta Espainiako Gobernuak ez duen egiten utziko.

Larunbatetan Radio Euskadin Legebiltzarreko bozeramaileek egiten duten solasaldian Egibarrek adierazi duenaren arabera, 2014ko azaroaren 9ko galdeketarekin gertatu ez zen bezala, Rajoyren Gobernuak "ez du urriaren 1ean inolako erreferendumik onartuko", ezta "galdeketa simulakrorik" ere.

Urriaren 1ean alde bakarreko galdeketa iragarri zuen Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak, honako galdera honekin: "Nahi duzu Katalunia estatu independente izatea errepublika gisa?"

Bozeramaile jeltzalearen iritziz, erreferenduma "formula guztiz demokratikoa" da, "gatazkari argia eta konponbidea emango dion tresna" izateaz gain. "Hitzartuta egiteko borondate politikorik ez delako egon" egin behar izan dute horrela.

Iker Casanova EH Biludko parlamentariak, bere aldetik, "erabateko babesa" erakutsi dio erreferendumari. Casanovaren hitzetan, "inork ez du zalantzan jartzen" Katalunia "nazio bat" dela, Eskoziaren eta Kurdistanen antzera.

Elkarrekin Podemosek, berriz, Kataluniak iragarritako erreferenduma "zalantzan" jartzen duela adierazi du Jon Hernandez alderdi moreko ordezkariak, "ez duelako inolako bermerik, ez juridikorik, ezta nazioartekorik ere". Horrez gain, proposatutako galderak "jende asko kanpoan uzten duela" argudiatu du, ez direlako erantzuteko aukerekin identifikatuta sentitzen.

Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak erreferendumaren iragarpena "inora ez doan bidaiaren kronika" dela esan du. "Kataluniako independentisten jokabide txarra" kritikatzeaz gain, Espainiako Estatuarena ere salatu du, "ez bai ezertarako biderik eman".

Azkenik, Laura Garrido PPko legebiltzarkidearen esanetan, Mariano Rajoyk "eskua luzatuta" eduki duen arren, "elkarrizketarako bidea guztiz itxi" du presidente kataluniarrak. Ondoren gaineratu duenez, erreferenduma deitzeko "dekretua" dagoenean, "Estatuak legea bete dadin lan egingo du".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Kataluniaren independentzia EH Bildu Gipuzkoa Gaurko azken ordukoa