Politika -

Diputatuen Kongresuan

Podemosek Rajoyren kontra aurkeztu zuen zentsura-mozioa gaur, eztabaidagai

Irene Monterok hasi du saioa eta, ondoren, Pablo Iglesiasek hartuko du hitza, biek denbora mugarik gabe. Rajoyk nahi duenean erantzun ahal izango du, mugarik gabe ere. 176 boto behar dira onartzeko.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diputatuen Kongresuak Unidos Podemosek Mariano Rajoyren kontra aurkeztutako zentsura-mozioa eztabaidatzeko saioa du gaur, asteartea, 09:00etatik aurrera. Pablo Iglesiasek gobernu-programa azaldu eta defendatuko du, baina ekimenak ez du aurrera egingo, ez baitu babesik jasoko, aurreikuspenen arabera.

Espainian demokrazia berrezarri zenetik egin duten hirugarren zentsura-mozioa da, aurretik, Adolfo Suarez eta Felipe Gonzalezen aurka aurkeztu zituzten, baina bi horietan ere ez zuten onartzea lortu.

Eztabaida baino lehen, Irene Montero Unidos Podemoseko bozeramaileak aurkezuko du zentsura-mozioa. Montero mozioa aurkeztu zuten sinatzaileen buruan da.

Zentsura-mozioa aurkezteko zergatiak azaldu eta gero, Pablo Iglesias presidentegaiak hartuko du hitza, bere gobernu-programa aurkezteko, nahi beste denbora aritu ahal izango da.

Presidentetza espainiarraren zenbait iturriren arabera, Gobernuak nahi duen unean parte hartu ahal izango du, eta hautagaiak ere erantzuteko aukera izango du; beraz, baliteke Iglesias eta Rajoy aurrez aurre aritzea, mugarik gabeko eztabaida batean, hitz egiteko txanda eskatzen jarraituz gero.

Hori gertatzen bada, Ana Pastor Kongresuko presidenteak erabakiko du noiz etengo dituen erreplikak, baita azken hitza nork izango duen ere.

Ondoren, presidenteak ere zehaztuko duen atsedenaldia igarota, talde parlamentarioetako ordezkarien txanda helduko da, txikienetik handienera, eta bakoitzak 30 minutu izango ditu lehengo hitzaldian, eta 10, bigarrenean.

Eztabaida bukatutakoan, bozketa egingo dute, diputatuak banan-banan deituta, hain zuzen, inbestidura saioan egin ohi den bezala. Edonola ere, baliteke eztabaida bihar arte luzatzea, hizlariek ez dutelako denbora mugarik, eta ez dagoelako argi Rajoyk parte hartuko duen.

Bozketan, Mahaiko kide batek diputatuen izenak irakurriko ditu, modu ausazkoan hartuko duen abizenetik abiatuta eta, horrela, diputatuek "bai", "ez" edo "abstentzioa" esan beharko dute ozen.

Ekimena onartzeko, zentsura-mozioak gehiengo osoa jaso beharko du; hau da, aldeko 176 boto, bestera esanda, Kongresuko kide kopuruaren erdia gehi bat.

Konstituzioaren 114.2 artikuluaren arabera, Kongresuak zentsura-mozioa onartzen badu, Gobernuak dimisioa aurkeztu beharko dio erregeari eta bozketan onartutako hautagaiak diputatuen babesa jaso duela jakintzat ematen denez, erregeak Gobernuko presidente izendatuko du.

Proposamena ukatzen badute, zentsura-mozioa sinatu duten 35 diputatuek ezingo dute besterik aurkeztu bilkura-aldi berean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Politika albisteak PP Rajoy albisteak Pablo Iglesias Albisteak Podemos bideoak