Politika -

30. urteurrena

Erakundeek Hipercorreko biktimak omendu dituzte

Jose Vargas Kataluniako biktimen elkarteko presidenteak salatu du biktima asko "ahaztuta" sentitu direla luzaroan.

Urkullu eta Puigdemont
Urkullu eta Puigdemont
Urkullu eta Puigdemont

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernua, Generalitatea, Eusko Jaurlaritza eta Bartzelonako Udalak elkar hartuta omendu dituzte Hipercorreko atentatuko biktimak, horien oroimenez egindako hamaika ekitalditako batean.

Bartzelonako Hipercor merkataritza gunearen aldamenean aparkatutako bonba-auto batekin, ETAk 21 pertsona hil, tartean lau haur, eta 45 zauritu zituen duela 30 urte.

Ada Colau Bartzelonako alkateak barkamena eskatu die Hipercorreko biktimei Udala beti ondoan sentitu ez badute, eta bat egin du mezu horrekin Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak, askotan biktimekin enpatizatzen ez dutela jakin aitortu ostean. Iñigo Urkullu lehendakariak ere parte hartu du ekitaldian.

Jose Vargas Kataluniako biktimen elkarteko presidenteak ekitaldiaren hasieran salatu du biktimak luzaroan sentitu direla "ahaztuta", eta gogor kritikatu du "biolentoei babesa" eman zietenak gaur egun erakunde demokratikoetan egotea.

Vargasek hitz egin eta gero, Ada Colau ekitaldian bertaratu diren 300 pertsonei zuzendu zaie, "umiltasunez" barkamena eskatzeko, "Udalak uneren batean maila eman ez badu Bartzelonak inoiz jasan duen atentatu terrorista okerrenaren biktimei laguntzeko garaian".

Colauk "errespetu handia" agertu du biktimen memoriarekiko, eta azpimarratu du Udalera iritsi zenetik biktimak "sekula ez" ahazteko eta "konponketan" lan egiteko konpromisoa hartu zuela.

Colauren atzetik Carles Puigdemont Generalitatearen presidenteak hitz egin du, eta bat egin du Bartzelonako alkatearen autokritikarekin. Izan ere, "batzuetan, gehiegitan", erakundeek ez dutela maila eman eta biktimen beharrei "erantzuten" ez dutela jakin aitortu du, ez dutela haiekin "enpatia" izan.

Hori dela eta, "iraungiko ez den betirako besarkada" bat eskaini die biktimei erakundeen izenean.

Puigdemont txistuka eta oihuka hartu dute hitzaldiaren hasieran. Dena dela, hizketan jarraitu du, eta ohartarazi du terrorismoaren mehatxuak indarrean jarraitzen duela, ETArena ez badago ere; hori dela eta, arduradun politikoei segurtasuna bermatzeko konpromisoa eskatu die.

Horren harira, Juan Igancio Zoido Barne ministro espainiarrari esan dio "ezinbestekoa" dela segurtasun indarren "lankidetza".

Minutu batzuk lehenago, Zoidok esan du Espainiako Polizia, Guardia Zibila, Esquadra Mossoak eta Ertzaintza "benetan" ari direla elkarlanean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Atentatuak argazkiak ETA gaur Albisteak Gaur Eguneko albisteak Terrorismoaren Biktimen Azken Ordukoa