Politika -

Frantzia

Macronen Gobernuko beste bi ministrok dimisioa eman dute

François Bayrouk eta Marielle de Sarnezek ez dute Gobernuan jarraituko, MoDem alderdiaren aurka irekitako auzibidea dela eta.

Bayrou Justizia ministroa, artxiboko irudi batean. EFE
Francois Bayrou. EFE
Bayrou Justizia ministroa, artxiboko irudi batean. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

François Bayrou Frantziako Justizia ministro eta MoDem alderdiko presidente denak eta Marielle de Sarnez Europako Gaietarako ministro eta alderdiko kide ere badenak dimisioa eman dute, MoDem alderdiaren aurka zabaldutako auzibidea dela eta. Europako Parlamentuan laguntzaile gisa kontratutako langileak, Europar Batasunaren soldatapean daudenak, MoDemen mesederako lanean jarri izana leporatzen diote alderdi zentristari.

Bayrouk prentsa agerraldia deitu du arratsalderako, eta bertan emango ditu bere dimisioaren azalpenak.

Aurrerantzean, Marielle de Sarnez MoDem alderdiak Asanblea Nazionalean duen taldeko presidentea izango da.

Macronen Gobernuan egon den MoDemek hirugarren ministro batek, Sylvie Goulard Frantziako Defentsa ministroak, atzo adierazi zuen ez duela karguan jarraituko.

Goulardek errugabea dela azpimarratu zuen atzo hedabideetara bidalitako ohar batean, eta bere jokaera zuzena izan zela frogatuko duela. "Fiskaltzak abiatutako ikerketaren aurrean, nire jokabidea libreki defendatzeko moduan egon nahi dut, fede onez jokatu nuen", nabarmendu zuen. Defentsa ministroaren hitzetan, "gure armadak merezi duen ohoreagatik" eman du dimisioa.

Ekainaren 9an abiatu zuen Parisko Fiskaltzak MoDem alderdiaren kontrako ikerketa. Alderdi honek Macron babestu du hauteskundeetan eta Francois Bayrou Justizia ministroa du buru. Europar Batasuneko Parlamentuko dirua erakundeko lanak egiteko barik, Modem alderdiko lanetarako erabiltzea leporatu diote alderdiari eta Goulardi berari, kolaboratzaile ohi batek egindako salaketa tarteko.

Azken orduetan lau ministrok eman dute dimisioa; izan ere, aipaturiko hiru horiez gain, Richard Ferrand Lurralde Kohesiorako ministroak ere ez du Emmanuel Macronen Gobernuan jarraituko. Fiskaltzak bere kontrako ikerketa iragarri zuen hilabete hasieran, nepotismoa egotzita. Aurrerantzean, Frantziako Behe Ganberako Martxan! talde parlamentarioko presidente izango da.

Edouard Philippe lehen ministroak gaur iragarriko ditu Gobernuan izango diren aldaketak.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Frantzia berriak Gaurko azken ordukoa Hauteskundeak Frantzia gaur Macron azken ordukoa