Politika -

Kontrol saioa

Rajoy Atutxa auziaz: 'Zuzenbide Estatuak funtzionatu egin du'

Kongresuko kontrol saioan Aitor Esteban EAJko bozeramaileak adierazi duenez, Atutxa 'ehizaldi politiko' baten helburu izan zela erakusten du Estrasburgoko epaiak.

Mariano Rajoy Espainiako Diputatuen Kongresuko kontrol saioan. Argazkia: EFE
Mariano Rajoy Espainiako Diputatuen Kongresuko kontrol saioan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak gaur ziurtatu duenez, Zuzenbide Estatuak funtzionatu egin du Atutxa auziaren tratamenduan, bai Espainiako auzitegietan eta baita Europako Giza Eskubideen Auzitegian ere.

Horrela mintzatu da Espainiako presidentea gaur Espainiako Diputatuen Kongresuan egiten ari diren kontrol saioan, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Atutxa auzia dela-eta Espainia zigortu ostean.

Aitor Esteban EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramailea kexu agertu da gaur Kongresuan, Atutxa auziak epaitegietan izan duen bidearekin. Haren esanetan, Atutxa "ehizaldi politiko" baten helburu izan zela erakusten du Estrasburgoko epaiak.

2008an desobedientziagatik zigortu zituen Gorenak Juan Mari Atutxa Eusko Legebiltzarreko presidente eta Kontxi Bilbao eta Gorka Knorr Mahaiko kide ohiak, Sozialista Abertzaleak talde parlamentarioa ez desegiteagatik. Bost urte geroago zigor hori berretsi zuen Auzitegi Konstituzionalak. Bidezko epaiketa bat izateko eskubidea urratu zitzaiela argudiatuta, Estrasburgora jotzea erabaki zuten Atutxak, Bilbaok eta Knorrek 2014an, eta gaur etorri da auzitegiaren erantzuna.

Botere Judizialaren independentziaren atzean ez ezkutatzeko eskatu ostean, Atutxari egindako "kaltea" erreparatzea eskatu dio Estebanek Rajoyri.

Orain auzitegietako epaiekiko erakutsi duen errespetua lehenago egin ez izana aurpegiratu dio EAJko bozeramaileak Rajoyri. Espainiako presidenteak erantzun dio esanez auzitegietako erabaki guztiak ontzat hartzea eta horien gaineko baloraziorik ez egitea dagokiola berari, epaileek arrazoia eman edo ez eman.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Politika albisteak Euzko Alderdi Jeltzalea Rajoy berriak Espainia albisteak Gaurko azken ordukoa