Politika -

AUTOGOBERNUA

ELA eta LAB: Estatus politiko berria PP eta PSOErekin adostea ezinezkoa da

Adolfo 'Txiki' Muñozek adierazi du autogobernuari "betoa" jartzen dioten alderdiak direla eta Garbiñe Aranburuk erantsi du aldebakarreko bideari heltzea beste aukerarik ez dagoela.

Adolfo 'Txiki' Muñoz, gaur, Eusko Legebiltzarrean. EFE.
Adolfo 'Txiki' Muñoz, gaur, Eusko Legebiltzarrean. EFE.
Adolfo 'Txiki' Muñoz, gaur, Eusko Legebiltzarrean. EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Adolfo 'Txiki' Muñozek uste du Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutua ez dagoela berritzerik, horretarako Alderdi Popularrekin eta Alderdi Sozialistarekin akordio batera heltzea ezinbestekoa bada; Garbiñe Aranburuk, berriz, euskal Estatu propioa sortzea eta aldebakarreko bideari ekitea defendatu du.

ELA eta LABeko idazkari nagusiak Autogobernuari buruzko Batzordean izan dira, marko politiko eta juridiko berriari buruz euren sindikatuek duten iritzia emateko.

Autogobernuari "betoa jartzen dioten alderdiekin" ezin dela subiranotasunaren aldeko prozesuan aurrera egin salatu du Muñozek. Horren hitzetan, Euskal Herriaren etorkizun politikoari buruzko "akordio transbertsalak bilatzea ezinezkoa da popularrekin eta sozialistekin".

Eusko Legebiltzarrean 2005ean onartutako Ibarretxe Plana ekarri du gogora ELAko buruak. Proposamen horri Espainiako Diputatuen Kongresuak ateak itxi zizkiola nabarmendu du, PPk eta PSOEk legitimitatea ukatu baitzioten, eurak ez zeudelako akordio horretan.

Hori dela eta, ELAk ez du uste oraingoan ere bi alderdiokin ezer negoziatzea egongo denik autogobernuaren bidean. Muñozen arabera, PPk eta PSOEk ez dute inoiz aitortuko Euskal Herria subjektu politiko gisa.

EAJk Mariano Rajoyren Gobernuarekin aurrekontuen inguruan itxi berri duen akordioak ere ez duela autogobernuan sakontzen lagunduko iritzi dio ELAko idazkari nagusiak.

Halaber, egun Eusko Legebiltzarrean erabakitzeko eskubidea babesten duten alderdien (EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos) artean ere, estrategia bateratua bideratzeko "ezberdintasun handiak" ikusten ditu Muñozek.

Garbiñe Aranburu LAB legebiltzarrean EFE

(Garbiñe Aranburu Autogobernuari buruzko Batzordean. Argazkia: EFE)

Aldebikotasuna ezinezkoa dela dio Aranaburuk

Bestalde, Garbiñe Aranburu LABeko idazkariak euskal Estatu propioa eraikitzea aldarrikatu du, beharrezkoak diren politika ekonomiko eta sozialak martxan jarri ahal izateko.

"Estatu espainiarraren baitan ezinezkoa da langileen ongizatea bermatzea", ohartarazi du.

Marko juridiko eta politiko berriak erabakitzeko eskubidea aitortu behar duela eta euskal gizartearen gehiengoak babestu beharko duela azpimarratu du.

"Erabakitzeko eskubiderik gabe, Estaturik gabe, ezinezkoa da politika ekonomiko eta sozial ezberdinak aurrera eramatea", erantsi du.

Aranbururen esanetan, estatus politiko berria aldebikotasunaren bidetik lortzea izango litzateke "onena", baina Estatu espainiarrarekin ezer adostea ezinezkotzat jo du: "Tamalez, aldebakartasunaren bidea jorratzea beste aukerarik ez dugu eta prozesu hori lehenbailehen egin behar dugu, egoera sozialak eta langileen baldintzak asko okertu direlako".

"Estatuak inolako borondaterik ez duela badakigunean, aldebikotasunaren apologia egitea prozesua geldiaraztea da", gaineratu du.

Horrez gain, erabakitzeko eskubidearen alde ahalik eta aliantza zabalenak bilatzea babestu du, baina zehaztu du eskubide hori aitortzen ez duena ezin daiteke "aurrera ez egiteko oztopo izan".

Aranburuk beharrezkotzat jo du "erabakiak hartzeko ahalmen guztia" bere eskuetan izango duen "Estatu subiranoa" eraikitzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Eusko Langileen Alkartasuna Langile Abertzaleen Batzordeak Eusko Legebiltzarra argazkiak Gaurko azken ordukoa