Politika -

DIPUTATUEN KONGRESUA

Sanchez eta Iglesias berriro bildu dira, PPri aurre egiteko helburuarekin

Antza, iaz baino gertuago daude elkarrengandik, baina oraindik ez omen dute adostu Mariano Rajoyren Gobernuari aurre egiteko estrategia.

Sanchez eta Iglesias, ados: Rajoy dute biek arerio

1:25

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez eta Pablo Iglesias PSOEren eta Podemos Unidosen idazkari nagusiak, hurrenez hurren, Kongresuan bildu dira 10:00etan, desadostasunak samurtzeko eta balizko kolaborazio politikak aztertzeko, "lana elkarrekin eginez" PPren Gobernuaren eta horren politikei aurre egiteko.

Maiatzaren bukaeran PSOEren buruzagitza berreskuratu ondoren Pedro Sanchezek abiarazitako bilera sortako bat izan da gaurkoa.

Batzarraren ostean, Sanchezek ez du prentsaurrekorik egin, eta Jose Luis Abalos Organizazio idazkariak egingo du agerraldia haren ordez, Sanchez ez baita diputatua jada.

Pablo Iglesiasek, ordea, bai egin du agerraldia Kongresuko prentsa aretoan. Sanchezen PSOE berriarekin elkarlanean PPren Gobernuaren alternatiba izango den "gobernu proiektua" eraikitzeko itxaropena agertu du Iglesiasek. Haren esanetan, oraindik ere banatzen dituzten ezberdintasunak badaude ere, bi alderdien arteko akordioa ahalbidetzen duten elementu komunak badaude. Podemoseko buruak adierazi duenez, gaurko bilera "ondo" joan da, eta, besteak beste, Espainiaren egoera ekonomikoaz, Kataluniako auziaz eta PPren alternatiba izango den gobernu bat eraikitzeko premiaz hitz egin dute.

Iglesiasen hitzetan, lantaldeak osatzea adostu izana da balizko kolaborazio horren erakusgarri. Halaber, gaur bertan hasiko dira ekonomia gaiak (gastu sabaia edota pentsioak) eta plurinazionalitatea, esaterako, hizpide izango dituzten bilerak prestatzen. Horiek zehaztu eta koordinatzeko ardura Margarita Roblesek eta Irene Monterok izango dute, PSOEk eta Unidos Podemosek Kongresuan duten talde parlamentarioetako bozeramaileek, hain zuzen.

PSOEk gai batzuetan izandako jarrera aldaketa (CETA, kasu) aurrerapausoa izan dela onartu du Iglesiasek, eta litekeena da PSOE Podemosengandik "gertuago" egotea, erantsi du. Dena den, hitzetatik ekintzetara igarotzea eskatu dio Iglesiasek PSOEri.

2015eko abenduko hauteskundeen ostean 2016ko martxoaren 30ean bildu zirenetik, ez omen dute elkarrekin bilera gehiago egin. Orduan Sanchezen inbestidura babesteko balizko akordioa izan zuten hizpide, baina, azkenean, Podemosek ez zuen haren hautagaitza babestu, PSOEk eta Ciudadanosek ituna sinatu zutelako.

Ordutik urtebete baino gehiago igaro denean, Iglesias eta Sanchez berriro elkartu dira, eta orain akordioa lortzeko aukera gehiago daudela badirudi ere, oraindik ez dute adostu Mariano Rajoyren Gobernuari aurre egiteko estrategia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Politika albisteak PSOE Rajoy albisteak Pablo Iglesias politikari ohia Pedro Sánchez argazkiak Eguneko albisteak Podemos bideoak