Politika -

Errenteria

EH Bilduren udal batean aurrenekoz, ETAren biktimak espreski omendu dituzte

Julen Mendoza alkateak barkamena eskatu die biktimei. Vicente Gajate Martin, Jose Luis Caso eta Manuel Zamarreño omendu dituzte, hain zuzen ere.

Julen Mendoza alkatea eta Manuel Zamarreñoren alaba, Naiara. EFE
Julen Mendoza alkatea eta Manuel Zamarreñoren alaba, Naiara. EFE
EH Bilduren udal batean lehen omenaldia ETAren biktimei

1:32

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errenteriako (Gipuzkoa) Udalak ETAren biktimak omendu ditu arratsalde honetan, eta, horrela, ETAren biktimei espreski omenaldia egin dien EH Bilduren lehen udala bihurtu da.

Ekitaldian, Vicente Gajate Martin, Jose Luis Caso eta Manuel Zamarreño gogoratu dituzte.

Udalbatza-aretoan, udaleko alderdi guztien ordezkariak eta zinegotzi ohiak bildu dira, ezker abertzalea barne, herrian indarkeriaren biktimak aintzatesteko abiatutako bideari jarraipena emateko. Errenteriako PPko kideak ere bertan izan dira, udalean ordezkaritza ez duten arren. Biktimen senideek ere parte hartu dute.

Julen Mendoza alkateak (EH Bildu) bi agintaldi daramatza agintean, eta adiskidetzearen aldeko lana egin du hasieratik. Horren ildotik, hainbat ekitaldi egin ditu bizikidetzaren alde eta biktima guztien sufrimendua aitortzeko.

Vicente Gajate 34 urteko udaltzaina zen, militante sozialista eta UGTko afiliatua. 1984ko urriaren 17an hil zuten, kalean, lanetik etxera bidean zihoala.

Jose Luis Caso PPko hautetsia 1997ko abenduaren 11n hil zuten, Irungo taberna batean zegoela. 64 urte zituen.

Manuel Zamarreñok hartu zuen Casoren zinegotzi kargua Errenteriako udaletxean, baina hura ere hil egin zuen ETAk. 1998ko ekainaren 25ean bonba-moto zartarazi zuten, Zamarreño bere etxetik gertu zegoen okindegi batera ogia erostera zihoanean. Erasoan Zamarreñoren bizkartzain bat ere zauritu zen.

Hiruren azalpen biografikoak jarri dituzte osoko bilkurak egiteko gelan. Ekitaldian biktimen senideak izan dira: Juani, Jose Luis Casoren alarguna; eta Naiara, Manuel Zamarreñoren alaba; Puri, Vicente Gajateren alarguna, ez da udaletxean izan, hara joateko indarrik ez zuelako. Haren izenean gutun bat irakurri du Atziber Blancok.

Aurretik, senideek eta Errenteriako alkateak oroigarri bat desestali dute, txistularien musikarekin eta bertaratutakoen txaloen artean.

Omenaldian bukaeran, Julen Mendoza alkateak hartu du hitza.

“Errenteriako Udalak bere historian edo nik neuk egoerak eskatzen zuen maila eman ez badugu, behar bezala lagundu ez bazaituztegu edo sufritzen duzuen mina areagotzea eragin duen zerbait egin edo esan badugu, barkamena eskatzen dizuet, Udalaren izenean nahiz nire izenean; eta gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu berriro gertatu ez dadin”, azpimarratu du.

Jarraian, lore-sorta bana eman die alkateak Casoren alargunari eta Zamarreñoren alabari, jendearen txalo artean.

Abesti batekin eman diote amaiera omenaldiari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Gipuzkoa EAE ETA EH Bildu Bizkaia Eguneko albisteak Errenteria bideoak Gaurko azken orduko albistea Terrorismoaren Biktimak Gaur