Politika -

RADIO EUSKADI

Presoen erabakia ontzat jo dute euskal alderdi gehienek

Espetxe onurak banan-banan jasotzea babestu du EPPK kolektiboko presoen gehiengo zabalak. Alderdien iritziz, albistea 'positiboa' da, ia denek 'berandu' datorrela nabarmendu duten arren.

Radio Euskadi, gaur. EiTB.
Radio Euskadi, gaur. EiTB.
Alderdiek begi onez ikusten dute presoen erabakia

1:19

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) presoek atzo iragarritako erabakia ontzat jo dute Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi ia guztiek.  Gehienek, hori bai, erabakia 'berandu' datorrela uste dute.

EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, PSE-EE eta PP alderdietako ordezkariek 'Parlamento en las Ondas' Radio Euskadiko saioan aztertu dute, larunbat honetan, presoen erabakia. EPPKko presoen gehiengo zabalak, % 73k, kolektiboaren ibilbide orri berriaren alde egin du, eta kolektiboaren babespean espetxe onurak banan-banan jasotzea onartu du.

Josune Gorospe legebiltzarkide jeltzalearen arabera, presoek egindako urratsa "positiboa da", kolektiboak berak presoei jarritako "betoa" baliorik gabe uzten duelako. Pauso hori emateko "hainbeste urte" zergatik "galdu" diren galdetu du.

Era berean, preso horiek "hausnarketa kritikoa" egin behar dutela azpimarratu du, "haien ingurune politikoak lagunduta".

Julen Arzuagaren iritziz (EH Bildu), "urrats esanguratsua" da, ETAko presoek "xantaia, etengabeko presioak eta maniobra juridiko interesatuak jasan ostean" iritsi dena. Horren ondorioz, "erresistentzia egoeran egon behar izan dute".

Arzuagak defendatu duenez, Euskal Herriko kartzelatan egon izan balira, "erabaki hau lehenago eta modu biziagoan iritsiko litzateke". Orain, "legea eskuan, kartzelak hustutzeko bidea abiatzeko atea ireki" dela azpimarratu du, "kolektiboari babes teknikoa eta laguntza politiko zein instituzioanala" emanez.

Bestalde, Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramailea pozik agertu da, ETAko presoak banan-banan aurrera egiteko erabakia hartu dutelako.

Dena den, espetxe onurak nola jasoko dituzten argitu behar dela nabarmendu du. Horrez gain, Martinezen aburuz, beharrezkoa da kolektiboak egindako mina onartzea eta iraganaren hausnarketa kritikoa egitea.

Jose Antonio Pastor sozialistak, bere aldetik, "positiboa" dela uste duen arren, "berandu iritsi" dela adierazi du. Ondoren, kartzela legediak bermeak ematen dituela azaldu du, banan-banan birgizarteratzeko aukera eskaintzen duelako, garai batean "Langraitz bideko" kideek egin zuten moduan.

"Albiste ona da. ETAk desegitea baino ez da geratzen ziklo beltz hau amaitzeko", defendatu du.

Azkenik, Laura Garrido popularrak uste du erabakia "oso berandu" heldu dela. Jarraian gaineratu duenez, "agerian geratu da ETA bera izan dela presoei kartzela onurak izatea ukatu diena".

"Orain arte ez dute onurarik izan, ETAk betoa jarri dielako. Espetxe politika bermatzailea da, eta legearen arabera ezartzen da. Gizarteak ETA desegitea nahi du orain", ondorioztatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika PNV-EAJ Presoak bideoak Alderdi politikoak albisteak EH Bildu Bizkaia PSE-EE Euskadiko PP bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Podemos berriak