Politika -

Nazioarteko Batzordea

Egiaztatzaileek bukatutzat eman dute euren lana ETAren indarkeria amaitzeko

Batzordeak uste du ETAk bete duela "desarmatzeko konpromisoa", ondorioz, bere lana amaitu dela jakinarazi du.

Ram Mannikalingam Egiaztatzaileen burua. Argazkia: Efe

Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordeak bere jardueraren amaiera iragarri du

1:34

erredakzioa | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak (NEB) amaitutzat eman du bere lana ETAren indarkeria amaitzeko, ETAk "desarmatzeko konpromisoa" bete duela iritzita.

Ram Manikkalingamek, Ronnie Kasrilsek eta Aracelly Santanak, besteak beste, osatutako taldeak prentsa oharra zabaldu du eta euren lanaren amaiera markatu duten bi mugarri azpimarratu dituzte: ETAk 2014an arma batzuk zigilatu izana, eta apirilean arma guztiak gizarte zibilaren esku uztea.

NEBk eskerrak eman nahi izan dizkie "Batzordearen lana arrakastatsua izan zedin lagundu duten aktore politiko eta sozial guztiei". Hala, gogorarazi du 2011tik Batzordea elkarlan "estuan" aritu dela Eusko Jaurlaritzarekin, alderdi politikoekin (EAJ, EH Bildu, PSE-EE), sindikatuekin (UGT, CCOO, ELA, LAB), Confebask patronalarekin eta euskal Eliza katolikoko ordezkariekin.

Era berean, Mannikkalingam buru duen taldeak jaso duten "konfiantza" aitortu nahi izan du, "lan zaila eta arrakasta lortzeko bermerik gabea" zelako.

NEBk bere "estimurik sakonena" adierazi dio Paul Riosi eta euskal gizarte zibilaren antolakundea zen Lokarriri, denbora horretan emandako laguntzagatik.

Nazioarteko Egiaztatze Batzordea 2011ko irailaren 28an eratu zen ETAren indarkeriaren amaiera egiaztatzeko. Euskal erakundeekin eta gizarte zibilarekin elkarlanean, Batzordeak egiaztatu zuen ETAk bete zuela bere indarkeriazko ekintza guztiak amaitzeko konpromisoa.

2014ko urtarrilean, Batzordeak egiaztatu ahal izan zuen ETAk erabilera operatibotik kanpo utziak zituela arma, munizio eta lehergai kopuru espezifikoa. Hau urrats txikia, baina lehendabiziko urrats garrantzitsua izan zen ETAren armagabetzerantz.

2017ko apirilaren 8an, Batzordeak, Ipar Euskal Herriko gizarte zibilaren eskutik, informazioa jaso zuen ETAren armen, munizioen eta lehergaien kokapenari buruz. Informazio hau dagokien autoritate frantziarren eskura jarri zen, eta ETAren armategia aseguratu eta jaso zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euskadi Ta Askatasuna albisteak Gaurko azken orduko albistea Bakea Euskadin