Politika -

Nafarroa

Milaka lagun elkartu dira Iruñean Altsasuko atxilotuei babesa emateko

5.000 lagunetik gora bertaratu dira Gaztelu Plazan "muntaia politiko, mediatiko eta judiziala" salatzeko, eta atxilotuen gurasoek eskerrak eman dizkiete elkartasunagatik.

Iruñean Altsasukoak aske elkarretaratzea. San Ferminak. EFE
Iruñean Altsasukoak aske elkarretaratzea. San Ferminak. EFE
Milaka lagun bildu dira Iruñean Altsasuko auzipetuei babesa emateko

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Altsasun Guardia Zibilei jotzeagatik atxilotu dituzten lagunen aldeko elkarretaratze jendetsua hartu du Iruñeak sanferminen azkeneko egunean.

2016ko urriaren 15eko gertakari harengatik 375 urteko kartzela-zigor eskaera pilatzen dute atxilotuek, eraso terrorista leporatuta. Izan ere, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 62 eta 12 urte arteko kartzela zigorrak eskatu zituen zortzi auzipetuen aurka.

"Sanferminetan ere, Altsasukoak libre" lelopean, milaka pertsona elkartu dira Gaztelu Plazan, 5.000 inguru, Udaltzaingoaren arabera. Antolatzaileek, Altsasukoak Aske plataformak, ez du daturik eman.

Atxilotuen gurasoak izan dira pankarta eutsi dutenetako batzuk, eta peñek, Joseba Asiron alkateak (EH Bildu), Patxi Zabaleta Aralarrekoak, eta EH Bilduko eta Geroa Baiko kargudun ugarik parte hartu dute ekitaldian.

Atxilotuak askatzearen aldeko oihuak eta Guardia Zibilaren kontrakoak entzun dira: "Alde hemendik", "utzi bateak Nafarroa", etab.

Agertokira plataformako bi kide igo dira, eta gogorarazi dute duela bederatzi hilabete hasi zela "amesgaiztoa", duela zortzi eraman zituztela lagunak, eta besarkadak bidali dizkiete guztiei, bereziki espetxean dauden hiruei.

"Muntaia politiko, mediatiko eta judiziala" izan dela salatu dute, eta "gertakaria gazteria zapaltzeko, kriminalizatzeko eta isiltzeko" erabili nahi dutela.

Gaineratu dute ez dela "antzeko zerbait egiten duten lehenengo aldia", baina oraingoan "muga asko gainditu" omen dituzte. Dena dela, horrek guztiak kontrako eragina izango duela uste dute, geroz eta gehiago direlako "hau basakeria bat izan zela" diotenak.

Amaieran bi auzipeturen aitak eta amak hitz egin dute jasotzen ari diren babesa eskertzeko, bai mobilizazioetan bai sanferminetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Iruñeko bideoak Nafarroa gaur Entzierroa zuzenean Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Altsasu Gazteak