Politika -

Kataluniako erreferenduma

‘Gerra zikina’ren dirua itzultzeko eskatu dio Puigdemontek Espainiari

Hala erantzun dio Generalitateko presidenteak Espainiako Gobernuari, independentziari buruzko galdeketarako dirua jartzen ez dela egiaztatzeko neurri gehiago hartuko dituela iragarri ondoren.

Puigdemont. Artxiboko argazkia: EFE
Puigdemont. Artxiboko argazkia: EFE
Puigdemont. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Likidezia Funts Autonomikoa jasotzeko katalanek ordaindutako interesak eta bankuak erreskatatzeko egindako diru-ekarpena Kataluniako Gobernuari itzultzeko eskatu dio Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak Espainiako Gobernuari. Era berean, “gerra zikinean” gastatutako dirua itzultzeko eskatu dio larunbat honetan Rajoyren Gobernuari.

Puigdemontek Twitter bidez zabaldutako sei mezuetan erantzun dio Espainiako Gobernuak atzo iragarritako neurriei. Izan ere, urriaren 1ean egin nahi duten independentziari buruzko galdeketarako dirurik jartzen ez dela egiaztatzeko astero gastuen txostena bidali beharko diola esan zuen Rajoyren Gobernuak. Hala egin ezean, Kataluniari kendu egingo lioke Likidezia Funts Autonomikotik jasotzen duen dirua.

Gauzak horrela, Likidezia Funts Autonomikoa jasotzeko katalanek jarritako dirua itzultzeko eskatu dio Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuko bozeramaileari. Halaber, “gerra zikinera” eta “txosten faltsuak” ordaintzera bideratutako dirua bueltatzeko exijitu dio. Ildo horretatik, Espainiako bankuak erreskatatzeko egindako diru-ekarpenak eta Castor gas plataformako sustatzaileei emandako kalte-ordainak gogora ekarri ditu.

Twitter bidez zabaldutako sei mezu horietan, atzo Mendez de Vigok egindako agerraldian esandako aipu bat jasotzen duen egunkari baten argazkia erantsi du Puigdemontek: “Katalanen euro publiko bat bera ere ez da bideratuko galdeketa hori ordaintzeko. Kautelazko neurria da”.

“Gerra zikina eta txosten faltsuak ordaintzeko erabili izan den diru publikoa itzuli ahal diguzu, ministro jauna?”, idatzi du Puigdemontek sare sozial horretan jarritako lehen mezuan.

Likidezia Funts Autonomikoa jasotzeko katalanek ordaindutako interesak ere itzultzeko eskatu dio Generalitateko presidenteak. “Guk ematen dizuegun dirua maileguan uzteko ordaindu dizkizuegun interesak itzultzerik al duzu, ministro jauna?”

Puigdemontek egitura bera errepikatu Twitterren zabaldu dituen mezu guztietan. Hala, bankuak erreskatatzeko herritarrek egindako ekarpena (60.000 milioi euro), Castor plataformaren sustatzaileei emandako kalte-ordaina eta Madrilgo saihesbidea egiteko jarritako dirua itzultzeko eskatu dio Mendez de Vigori.

Era berean, autonomia erkidego horretan Espainiako Gobernuak inbertitu ez duen dirua emateko eskatu dio, ekarpen hori aurrekontuetan jasota zegoela azpimarratuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Espainiako Gobernua argazkiak Espainia bideoak Albisteak Pere Aragonès albisteak