Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Presoen auzia eztabaidatzeko ez da foro berririk behar, Podemosen ustez

Otegik egindako proposamena baztertu du Lander Martinezek, eta eztabaida Legebiltzarraz harago joan behar dela deritzon arren, Bake eta Bizikidetza Lantaldeak "oinarri" behar duela azpimarratu du.

Lander Martinez, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. EiTB
Lander Martinez, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lander Martinez Elkarrekin Podemosek Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailearen ustez, ez da behar 'foro berririk' presoen auzia eztabaidatzeko. Horrenbestez, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak egin berri duen proposamena baztertu du, "mahai gainean dagoen eztabaidan ekarpen berririk egingo ez lukeelako".

"Ez dugu uste foro berririk behar denik", esan du Martinezek Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean. Indar sindikal, politiko eta sozialek presoen gaiari heltzeko mahai bateratua egin beharko luketela esan zuen Otegik joan den astean.

Presoen egoerari eta bakeari buruzko eztabaida "mahai gainean" dagoela nabarmendu du Martinezek, "Legebiltzarrean zein Legebiltzarretik kanpo". Hala, dauden foroak "egokiak" direla uste du Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak, eta Bake eta Bizikidetza Lantaldea "oinarri eta abiapuntu bikaina" dela azpimarratu du.

Martinezen ustez, "Otegi jaunak gehiago entzun beharko luke euskal gizarteak dioena: gerturatzeaz, gizarteratzeaz eta salbuespen neurrien amaitzeaz mintzo dira, baita egindako kaltearen aitortzaz ere. Baina ez dira amnistiaz edo presoei egin beharreko omenaldiez ari".

Autogobernu Lantaldea

Legebiltzarrean osatutako beste lantaldeari —Autogobernu Lantaldea— buruz galdetuta, Elkarrekin Podemosen proposamena irailean aurkeztuko dutela iragarri du. Halaber, gizarte zibilari gaiaren inguruan eztabaidatzeko aukera eman beharko litzaiokeela uste du, eta gizarteak bere ekarpenak egiteko "mahai sektorialak" sortzea proposatu du, eztabaidak Ganberaren mugak gaindi ditzan.

Elkarrekin Podemosen bozeramaileak ohartarazi duenez, "alderdi tradizionalak —EAJ, PSE-EE eta PP— estatutu berri batek ekarri ahal dituen aldaketa aukerak geldiarazten saiatuko dira".

Horren aurrean, Elkarrekin Podemosek honakoa proposatuko du: euskal herritarren artean itun sozial bat lortzea eta Estatuarekin aldebiko harreman bat egikaritu ahal izatea. "Gure eredua ez da Kataluniakoa, aldebikotasuna ez baita bide onena", erantsi du.

Turismoa

Turismo ereduari buruz dagoen eztabaida ere ahotan hartu du Elkarrekin Podemoseko kideak. Azaldu duenez, koalizio morea etxebizitza turistikoen lizentzietan moratoria ezartzearen aldekoa da, udal ordenantzek auziari nola aurre hartu asmatu bitartean.

Martinezen hitzetan, "batez ere" hiriburuetan dago "saturazio turistikoa", eta turistak hartzeko ahalmena duten hiriak eraikitzearen alde egin du.

"Tourist go home" (Turistak joan etxera) tankerako formulak ez direla egokiak, eta turismoa bera ez dela "Jaurlaritzarekin konfrontazioa sortzeko" tresna egokiena gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi berriak Berriak Politika Eusko Legebiltzarra bideoak Presoak albisteak Alderdi politikoak bideoak Gaurko azken orduko albistea Podemos Ahal Dugu Euskadi Sumar Mugimenduaren diputatua