Politika -

polizia gehiegikerien biktimak

Jaurlaritzak poliziaren biktimak aitortuko ditu 'oztopoak izan arren'

EH Bilduk, bere aldetik, biktimei ez zaiela 'behar den bezalako akonpainamendua eman' uste du.

Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkari nagusia. Argazkia: EiTB
Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkari nagusia. Argazkia: EiTB
Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkari nagusia. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak baieztatu duenez, polizia gehiegikerien biktimak aitortuko ditu, nahiz eta "zailtasunak eta oztopoak" aurkitzen ari den; izan ere, PPren Gobernuak Auzitegi Konstituzionalaren aurrean helegitea jarri zuen "Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko uztailaren 28ko 12/2016 Legea" bertan behera uztea eskatzeko.

Jaurlaritzak 1,2 milioi euroko aurrekontua zeukan aurreikusita kaltetu horientzat, eta ostegun honetan zen bukatzekoa dirulaguntzak jasotzeko eskabideak aurkezteko epea. Alabaina, maiatzaren 29an Auzitegi Konstituzionalak onartu egin zuen Mariano Rajoyren Gobernuak aurkeztutako errekurtsoa, eta, horrenbestez, prozesu guztia bertan behera geratu zen.

Modu horretan, Auzitegi Gorenak indargabe utzi zituen, bai kaltetuak polizia biktimatzat aitortzen dituen balorazio batzordea, bai laguntzen ematea arautzen duten artikuluak.

Horren aurrean, eta dirulaguntzak eskatzeko hasiera batean ezarritako epemuga iraungi behar zen egunean, Eusko Jaurlaritzak "polizia gehiegikerien biktimak aitortzeko konpromiso irmoa, dokumentatua eta iraunkorra" duela adierazi zuen atzo ohar baten bidez.

Ildo horretatik, nahiz eta prozesuan "zailtasunak eta oztopoak" agertu, konpromisoari eutsiko diotela nabarmendu du Iñigo Urkulluren Jaurlaritzak.

EH Bildu, kritiko

EH Bilduren aburuz, aparteko neurri horretan izena eman dutenak "egiaz direnak baino askoz gutxiago izan dira". Halaber, gaitzetsi egin du "behar bezalako publizitate lanik" egin ez izana, eta kritikatu egin du Espainiako Gobernuak aurkeztutako helegiteak ziurgabetasun juridikoa sortu duela.

"Memoriari buruzko beste gai edo biktima sektoreekiko jarri dituzten bitartekoak eta egin dituzten ahaleginak ikusirik, hau ezin da utzikeria soila kontsideratu, baizik eta gure historiaren pasarte hau egia osoa eta justizia osoa eman gabe azkar ixteko borondate argia baizik", azpimarratu du Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak.

Arzuagaren iritziz, biktima horiei ez zaie "behar den bezalako akonpainamendua eman" prozesuan zehar, eta, uste du prozesu horrek "epe zorrotzak, tramitazio zaila eta kontsultak egiteko arreta eskasa" izan dituela, eta horrek guztiak "errekonozitu eta erreparatu behar omen diren biktimengan mesfidantza sortu du".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Eusko Jaurlaritza berriak EH Bildu Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Polizia indarkeriaren kasuak