Politika -

Sei urte eta erdi preso

Rafa Diez, aske

100 bat pertsona bildu dira espetxearen kanpoaldean LABeko idazkari nagusi ohiari harrera egiteko. Espainiako Gobernuak Kantabrian duen Ordezkaritzak ongietorria debekatu zuen atzo.

Diez, kartzelatik irten berritan. Argazkia: EFE
Rafa Diez. Argazkia: EFE
Rafa Diez kartzelatik atera da

1:43

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

08:26 aldera atera da El Duesoko (Santoña, Kantabria) kartzelatik Rafa Diez Usabiaga LABeko idazkari nagusi ohia. Sei urte eta erdi eman ditu espetxean (ezarritako zigor osoa beteta), Bateragune auzia tarteko.

100 bat pertsona, senitarteko, lagun eta ezker abertzaleko buruzagi eta LAB sindikatuko kide ugari tartean, El Duesoko espetxe kanpoaldean izan dira harrera egiteko. Aurpegi ezagunen artean, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Miren Zabaleta (Sortu) eta Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia izan dira. Laurak Bategune auziagatik zigortu zituzten, Diezekin batera. Ezker abertzaleko buruzagi historiko andana ere izan da espetxe atarian: Rufi Etxeberria, Tasio Erkizia, Pablo Gorostiaga edo Jose Luis Elkoro. LAB sindikatuak ere ordezkaritza zabala bidali du El Duesora, Garbiñe Aranburu idazkari nagusia buru zuela.

Ikusmin handia izan da. Dozenaka kazetari eta kamera Diez Usabiaga noiz aterako zain egon dira, 08:00etatik aurrera espero baitzen irteera.

08:30erako minutu gutxi falta zirela irten da espetxetik LABeko idazkari nagusi izandakoa. Kartzelako eraikinetik kanpoalderaino zeuden 200 metroak eskuetan zituela egin ditu Diezek. Zain zeudenek oihu eta emozio artean jaso dute. Lehen besarkada Iñigo Iruin abokatuari eman dio; gerora etorri dira emazte eta seme-alabei emandakoak, Garbiñe Aranburu LABeko egungo buruzagiari edo Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiari emandakoa ere.

 

Harrera ekitaldirik ez, Kantabrian

Espetxe irteeran bertan lehen omenaldia egin nahi zion LAB sindikatuak Diezi, Espainiako Gobernuak Kantabrian duen Ordezkaritzak, ordea, ekitaldia debekatu zuen atzo, eskaera epez kanpo egin zutela argudiatuta. Auzitegi Nazionalaren tesiarekin talka egin du erabakiak. Izan ere, Andreu epaileak ez zuen ekitaldiok galarazteko arrazoirik ikusi (Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Plataformak eskatu zuen).

Dena dela, Santoñako ekitaldia bertan behera uztea erabaki zuen sindikatuak, eta lehen harrera Euskal Herrian egitea ebatzi. 11:45ean egingo diote ongietorria Muskizen (Pobeña auzoan).

 

 

Hain justu, senitarteko eta lagunak besarkatu ostean, Euskal Herrira bidean jarri duen autoan igo da Diez, 08:38 aldera.

Arratsaldean, Diezen herrian, Lasarte-Orian egingo diote omenaldia, 19:30ean, Okendo plazan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Sortu Langile Abertzaleen Batzordeak Presoak bideoak EH Bildu Gaurko azken ordukoa Kantabria