Politika -

Diputatuen Kongresuan

Rajoy: 'Erantzukizun politikoa zentsura mozioaren bidez eskatu behar da'

Gainera, berak Gurtel auziagatik lekuko gisa deklaratu zuen bezalaxe, Lasa eta Zabala auziaren ikerketa dela eta deitu zutela aurpegiratu dio Margarita Roblesi (PSOE).

Mariano Rajoy, Kongresuan, gaur. EFE
Rajoyk ez du ezer argitu Gürtel kasuari buruz Kongresuko agerraldian

1:52

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak ziurtatu duenez, "Espainian ez dago zigorgabetasunik ustelkeriarekin", ez dago arrazoirik ustelkeriari buruz Kongresuan saioa egiteko, eta oposizioaren ordezkari batzuen "jakin-nahizko izaera" kritikatu du.

Rajoyk, Gurtel auziari eta PPren ustezko finantzazio ilegalari buruz azalpenak emateko Kongresuan egiten ari diren saio berezian, gogorarazi du 52 aldiz hitz egin duela ganbera horretan ustelkeriaren inguruan.

Oso bestelakoa da -esan du- oposizioari ez gustatzea ustelkeriari buruz esaten duena eta "haien akusazioak ez onartzea", baina aitortu ez duela ziurtatu du.

Gainera, eskatzen dioten eta berak onartuko ez duen erantzukizun politikoa zentsura mozio baten bidez bideratu behar dela gogorarazi dio Rajoyk oposizioari.

Horregatik ez du ulertzen oposizioak gai honen inguruan osoko saioa egitera behartzea, lehentasunak jihadisten terrorismoa, Kataluniako prozesua eta susperraldi ekonomikoa egonkortzea baitira.

Rajoyk PSOEri baino ez zaio zuzendu erreplikarako txandan eta, hala, Margarita Roblesi erantzun dio hitzaldian. Presidente espainiarrak oreka falta leporatu dio Roblesi, usteko errugabetasunari dagokionez, eta zalantzan jarri du alderdirik ere izatea.

Horrez gain, Rajoyk gogorarazi dio, berak Gurtel auziagatik lekuko gisa deklaratu zuen bezalaxe, Robles ere deitu zutela Lasa eta Zabala auziaren ikerketa dela eta.

"Beti men egin diot Ganberari, edonolako eztabaidetan parte hartzen dut eta iradokitzen dizkidaten gauza guztiei erantzuten diet -esan du-. Gauza ezberdina da haiei ez gustatzea nik egiten dudana, azalpenak gutxietsi eta nik haien akusazioak onartu nahi izatea, zeuek ezartzen duzuen zigor bera ordainduta; gobernuan egoteari uztea. Baina ezin dut onartu. Hala da", gaineratu du.

"Presidentea susmopean"

Margarita Robles PSOEren taldearen bozeramaleak "dimisioa" lehenbailehen ematea eskatu dio Rajoyri "susmopean" dagoen presidentea delako, ez baita sinesgarria eta, gutxienez, 1999tik 2009ra "ezertaz ez enteratzea", bere alderdiko B kutxaren inguruan.

Era berean, Kataluniako prozesuaren aurrean bandera nazionalarekin "ez estaltzeko" eskatu dio  Roblesek Gobernu espainiarraren presidenteari, auzitegiak ikertzen ari diren ustelkeria ezkutatzeko.

"Ez ezazu egin Banca Catalanaren garaian ustelkeria ezkutatzeko banderekin estali ziren presidente batzuek egin zuten bezala", esan dio bozeramaleak.

Epaile ohiak terrorismo eta Kataluniako prozesuaz baliatzea egotzi dio Rajoyti "ustelkeriaren aurkako borrokaren gabeziei aurre ez egiteko".

"Uste al duzu sinesten zaituztela?"

Pablo Iglesias Podemosen idazkari nagusiak esan du, egia baldin bada Rajoyk ez zuela PPren B kutxa eta finantzazio ilegala ezagutzen, ezgaia dela edo gezurra esan duela. "Uste al duzu hiritarrek sinesten zaituztela?", adierazi du.

Iglesiasek ustelkeriaren arazoa gutxiestea leporatu dio Mariano Rajoyri, "lehen mailako" gaia izanda. Gainera, saioa egiteko oposizioak izan dituen arrazoiak azaldu dizkio, "zuk ez dituzulako ulertzen".

"Zuk gertatutakoa onartzen duzu, ez duzu ukatzen, ukatzen duzu ezagutu izana, horregatik zaude hemen", esan dio Rajoyri. Ondoren, sei galdera egin dizkio "ezgaia" den argitzeko.

Podemoseko buruak ziurtatu du ez duela uste Gobernu espainiarraren presidentea "bereziki" aberastu denik B kutxako eskupekoekin, baina jokatzeko modu ustela erakusten dute eta, hori, "normala izan da denbora luzean politika espainiarrean". "Ezer ez zekiela esaten duzunean, benetan uste al duzu hiritarrek sinesten zaituztela?", gaineratu du.

Rajoyk "mitina" egin du

Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak Diputatuen Kongresuan "show" bat egin dutela kritikatu du, uste baitu Mariano Rajoyk "mitina" egin duela, Gurtel auzia behin ere ez aipatu gabe.

Riverak baieztatu duenez, oposizioak "bazekien" hau ez dela esparru egokia eta ziurtatu du ikerketa batzordea dela "modurik onena" Rajoyk "azalpenak eman ditzan", presidente espainiarrak ez baitu oztopatzeko "hitzik" ezta "adina eserleku" ere.

Ciudadanosen buruak defendatu du Gobernu espainiarraren presidenteak ez duela "zilegitasunik" ezta "gogorik" ere erreformak egiteko. Gainera, Riveraren hitzetan, PPk "ez dauka erremediorik" eta "ez dio ustelkeriari aurre egingo".

EAJ: 'Ez du inolako informaziorik eman'

Bestalde, Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaleak Gurtel auziaren aurrean "burua ezkutatu" ez dezala eskatu dio Rajoyri, "argia" izateko deia egin eta bere alderdiaren barruan egindako ikerketak -egin dituela ulertu du Estebanek- azaltzea eskatu dio.

Bigarren txandan, Estebanek ez du esan Rajoyk "gauza batzuk ezagutzen ote zituen, ala ez", baina uste du "bere alderdian ikerketaren bat egingo zuela zer gertatu den jakiteko" eta, ondorioz, neurriren bat hartu.

EAJren bozeramalearen esanetan, askotan hitz egin du Gurtel auziari buruz presidente espainiarrak, baina "erantzun, ez du erantzun" eta, zehatz-mehatz, "gaur ez du inolako informaziorik eman".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Barcenas auzia Politika Espainako Gobernuaren presidente ohia Ustelkeria politikoa azken albisteak Gaurko azken orduko albistea