Politika -

Diputatuen Kongresuan

Oposizioak Rajoy kritikatu du ustelkeriari buruz hitz egitea saihesteagatik

Margarita Roblesek (PSOE) Rajoyren dimisioa eskatu du. Iglesiasek ustelkeriaren arazoa gutxietsi izana egotzi dio eta Riveraren aburuz, presidenteak “mitin bat” egin du.

Margarita Robles Diputatuen Kongresuan. Argazkia: EFE
Margarita Robles Diputatuen Kongresuan. Argazkia: EFE
Oposizioak Rajoyren dimisoa eskatu du, azalpenik eza ikusita

1:53

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kongresuko oposizioko alderdi gehienek Espainiako Gobernuaren eta PPren presidenteak izan duen jarrera kritikatu dute. Mariano Rajoy Kongresuan izan da gaur Gurtel auziari eta PPren ustezko finantzazio ilegalari buruz azalpenak ematen.

PSOEk, Unidos Podemosek, Ciudadanosek, euskal taldeek (EAJ eta EH Bildu) eta Kataluniako taldeek Rajoyren jarrera kritikatu dute. Presidenteari auziari buruz hitz egitea ekidin izana eta alderdiaren barruan izandako ustezko ustelkerian ardurak ekidin izana egotzi diote.

"Presidentea susmopean"

Margarita Robles PSOEren taldearen bozeramaleak "dimisioa" lehenbailehen ematea eskatu dio Rajoyri "susmopean" dagoen presidentea delako, ez baita sinesgarria eta, gutxienez, 1999tik 2009ra "ezertaz ez enteratzea", bere alderdiko B kutxaren inguruan.

Era berean, Kataluniako prozesuaren aurrean bandera nazionalarekin "ez estaltzeko" eskatu dio  Roblesek Gobernu espainiarraren presidenteari, auzitegiak ikertzen ari diren ustelkeria ezkutatzeko.

"Ez ezazu egin Banca Catalanaren garaian ustelkeria ezkutatzeko banderekin estali ziren presidente batzuek egin zuten bezala", esan dio bozeramaleak.

Epaile ohiak terrorismo eta Kataluniako prozesuaz baliatzea egotzi dio Rajoyti "ustelkeriaren aurkako borrokaren gabeziei aurre ez egiteko".

"Uste al duzu sinesten zaituztela?"

Pablo Iglesias Podemosen idazkari nagusiak esan du, egia baldin bada Rajoyk ez zuela PPren B kutxa eta finantzazio ilegala ezagutzen, ezgaia dela edo gezurra esan duela. "Uste al duzu hiritarrek sinesten zaituztela?", adierazi du.

Iglesiasek ustelkeriaren arazoa gutxiestea leporatu dio Mariano Rajoyri, "lehen mailako" gaia izanda. Gainera, saioa egiteko oposizioak izan dituen arrazoiak azaldu dizkio, "zuk ez dituzulako ulertzen".

"Zuk gertatutakoa onartzen duzu, ez duzu ukatzen, ukatzen duzu ezagutu izana, horregatik zaude hemen", esan dio Rajoyri. Ondoren, sei galdera egin dizkio "ezgaia" den argitzeko.

Podemoseko buruak ziurtatu du ez duela uste Gobernu espainiarraren presidentea "bereziki" aberastu denik B kutxako eskupekoekin, baina jokatzeko modu ustela erakusten dute eta, hori, "normala izan da denbora luzean politika espainiarrean". "Ezer ez zekiela esaten duzunean, benetan uste al duzu hiritarrek sinesten zaituztela?", gaineratu du.

Rajoyk "mitina" egin du

Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak Diputatuen Kongresuan "show" bat egin dutela kritikatu du, uste baitu Mariano Rajoyk "mitina" egin duela, Gurtel auzia behin ere ez aipatu gabe.

Riverak baieztatu duenez, oposizioak "bazekien" hau ez dela esparru egokia eta ziurtatu du ikerketa batzordea dela "modurik onena" Rajoyk "azalpenak eman ditzan", presidente espainiarrak ez baitu oztopatzeko "hitzik" ezta "adina eserleku" ere.

 

Ciudadanosen buruak defendatu du Gobernu espainiarraren presidenteak ez duela "zilegitasunik" ezta "gogorik" ere erreformak egiteko. Gainera, Riveraren hitzetan, PPk "ez dauka erremediorik" eta "ez dio ustelkeriari aurre egingo".

EAJ: 'Ez du inolako informaziorik eman'

Bestalde, Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaleak Gurtel auziaren aurrean "burua ezkutatu" ez dezala eskatu dio Rajoyri, "argia" izateko deia egin eta bere alderdiaren barruan egindako ikerketak -egin dituela ulertu du Estebanek- azaltzea eskatu dio.

Bigarren txandan, Estebanek ez du esan Rajoyk "gauza batzuk ezagutzen ote zituen, ala ez", baina uste du "bere alderdian ikerketaren bat egingo zuela zer gertatu den jakiteko" eta, ondorioz, neurriren bat hartu.

EAJren bozeramalearen esanetan, askotan hitz egin du Gurtel auziari buruz presidente espainiarrak, baina "erantzun, ez du erantzun" eta, zehatz-mehatz, "gaur ez du inolako informaziorik eman".

Intervención completa de @AITOR_ESTEBAN en el #pleno extraordinario para informar sobre el caso #Gürtel. pic.twitter.com/6hurEMDWGO

— EAJ-PNV (@eajpnv) 30 de agosto de

EH Bildu: “Alderdi Popularra talde kriminal baten modukoa da”

EH Bilduko Oskar Matutek “talde kriminal baten modukoa” dela leporatu dio Alderdi Popularrari. “Bi egun beharko nituzke gutxienez presidentziak eta ustelkeriak iraundako sei urteak laburbiltzeko”, esan dio Matutek Rajoyri.

“Ustelkeria bidelagun duzu baina, ikusten dugunez, ez dizu ardura”, salatu du. PPrengan eragina duten hainbat ustelkeria kasu ere aipatu ditu Matutek. “Zure alderdiko kideen gainsoldatak, diru beltzeko gutun-azalak, B moduan egindako kontabilitatea eta Luis indartsua izan behar duzu bezalako mezuak. Ustelkeria dira Punikako zuen lekaioak, %3ko zuen komisioak eta kapitalaren zuritzeak, Kataluniako operazioa eta espioitza, eta diru publikoarekin ordaindutako Kataluniaren aurkako gerra zikina”, gaineratu du EH Bilduko diputatuak.

Matuteren aburuz, “ustelkeria da zuek zuzentzen duzuen Espainia. Ez dakigu Berlangaren pelikula batean edo El Padrinoren pelikula batean harrapatuta gauden”.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Alderdi Popularra Rajoy albisteak Espainiako Gobernua Alderdi politikoak EH Bildu Nafarroa Ciudadanos Gaurko azken ordukoa Podemos berriak