Politika -

KATALUNIAKO ERREFERENDUMA

'Espainiaren batasuna' mantenduko duela ziurtatu du Rajoyk

Bestalde, Estatuaren egitura autonomikoa aztertzeko Kongresuan batzordea osatzea proposatu du PSOEko idazkari nagusiak, Kataluniako lurralde krisia desblokeatzea helburu.

Mariano Rajoy, PPren Zuzendaritza Batzordearen gaurko bileran.
Mariano Rajoy, PPren Zuzendaritza Batzordearen gaurko bileran.
Kataluinako iruzurraren aurrean, Espainiaren batasuna ziurtatu du Rajoyk

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak gaur ziurtatu duenez, "Espainiaren batasuna" mantenduko du, eta Espainiako Konstituzioa errespetatzen dela bermatuko du. Halaber, Katalunian urriaren 1ean independentziari buruzko erreferenduma egitea ez duela baimenduko gaineratu du, "demokraziari iruzurra egitea litzatekeelako".

PPko Zuzendaritza Batzorde Nazionalak uda osteko lehen bilera egin du gaur, eta Kataluniako Gobernuak urriaren 1erako deitutako erreferenduma "legez kanpokoa" dela eta bere betebeharra legea betearaztea dela azpimarratu du Rajoyk.

Alderdi Popularreko presidente ere badenak azaldu duenez, Espainiako Gobernua "proportzionaltasunez, lasaitasunez eta irmotasunez" arituko dela jakinarazi die alderdi politikoei. "Guk kontrakoa egitea nahi dute", adierazi du, independentistei erreferentzia eginez.

Rajoyren hitzetan, bere eginbeharra legea betetzea eta betearaztea da, eta bere alderdiak "Espainiaren batasuna gorde" eta Konstituzioa errespetatzen dela bermatuko duela erantsi du.

"Gobernu demokratiko batek ezin du Konstituzioaren aurka egin", esan du. Horren esanetan, Generalitateak "legez kanpoko Erreferendum Legea" onartu eta "legez kanpoko erreferenduma" deitu nahi du. Horrez gain, oposizioarekin eztabaida izatea eragotzi nahi omen du, Rajoyren arabera.

Estatuaren egitura autonomikoa aztertzeko Kongresuan batzordea osatzea proposatu du Sanchezek

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak gaur iragarri duenez, Estatuaren egitura autonomikoa ebaluatzeko eta berritzeko batzordea osatzeko proposamena erregistratuko dute aste honetan Kongresuan sozialistek, Kataluniako lurralde krisia desblokeatzea helburu.

Gaur-biharretan, proposamenaren berri emango dio Sanchezek Rajoyri eta ostegunetik aurrera Kongresuan ordezkaritza duten gainerako alderdiekin hitz egingo dute sozialistek.

Kataluniako egoerari buruz PSOEko zuzendaritzak gaur egindako bilerako monografikoan adostu duenez, "legerik gabe ez dago irteerarik, baina elkarrizketarik gabe ere ez". Hori dela eta, elkarrizketa eraikitzaile baterako deia egin die Sanchezek alderdi politiko guztiei.

Albert Riverak "irmo" babestuko du Gobernuaren jarrera, erronka independentista saihesteko

Albert Riverak jakitera eman duenez, Ciudadanosek "irmo" babestuko du Gobernuaren jarrera, erronka independentista saihesteko. Ildo horretan, urriaren 9ko egun "lotsagarria hura" ez errepikatzeko legeak ezartzen dituen mekanismo guztiak erabiltzeko eskatu dio Mariano Rajoyri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak PSOE Albisteak Alderdi Popularra Mariano Rajoy Kataluniaren independentzia Espainiako Gobernua bideoak Espainia albisteak Pedro Sánchez argazkiak Gaurko azken ordukoa Kataluniako prozesua zuzenean