Politika -

KATALUNIAKO PARLAMENTUA

Erreferendum legea tramitera onartu du Kataluniako Parlamentuko Mahaiak

JxSí eta CUP taldeek aurkeztu dute tramitera onartzeko eskaria, eta euren gain hartu dute prozeduraren 'erantzukizun politikoa'. Trantsizio legea onartzeko eskaria, baina, ez dute oraingoz aurkeztu.

Erreferendumaren legea tramitatzeko eskatu diote Parlamenteko mahaiari

0:25

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako erreferendum legea onartzeko lehen urratsa eman dute JxSí eta CUP talde independentistek, arau hori urgentziaz tramitera onartzeko eskaria Kataluniako Parlamentuko Mahaian aurkeztuta. 09:00etatik egon da bilduta Mahaia, eta 10:00ak aldera onartu dute legea tramitera.

Mahaiko iturriek azaldu dutenez, bost kidek eman dute tramitera onartzearen aldeko boza, JxSí taldeko lauk eta Catalunya Sí Que Es Poteko batek. Ciudadanoseko eta PSCko ordezkariek kontra bozkatu dute. Tramitera onartutakoan, JxSík osoko bilkuraren gaurko gai-ordena aldatzeko eskatu du, erreferenduma egiteko legea eztabaidara eramateko.

Carme Forcadell Parlamentuko presidenteak Mahaiaren ezohiko bilera antolatu du goizean, ganberan gehiengoa duten bi alderdiek erreferendum legea eztabaidatzeko eskaera egin zezaten.

Bi taldeok aurkeztu duten eskarian erreferenduma egiteko legea aipatzen da bakarrik, ez trantsizio juridikoa egiteko legea. Parlamentuko araudiaren 37. artikulua ezarri eta erreferendum legea "urgentziaz tramitera" onartzeko eskatu diote Mahaiari.

CUPeko parlamentariek azaldu dutenez, eskaria modu horretan aurkeztuta, bi taldeek euren gain hartu dute prozeduraren ardura edo erantzukizun politikoa.

Trantsizio legeari dagokionez, CUPeko iturriek aurreratu dute balitekeela arau hori aste honetan bertan egingo den beste osoko bilkuran edo datorren astekoan onartzea.

Aurreikuspenen arabera, arratsaldean onartuko du Kataluniako Parlamentuak erreferendum legea, JxSí eta CUP taldeetako parlamentarien botoekin. Ez da baztertzen Catalunya Sí Que Es Pot koalizioko ordezkariren batek edo gehiagok ere alde bozkatzea.

Parlamentuko idazkari nagusiak legea ez argitaratzeko agindua eman du

Erreferendumaren lege-proposamena Kataluniako Parlamentuaren Aldizkari Ofizialean ez argitaratzeko agindua eman die Xavier Muro Parlamentuko idazkari nagusiak Ganberako zerbitzuei goizean, baina ondoren argitaratu da Junts pel Siren babesarekin, oposizioko iturriek azaldu dutenez.

Legea tramitera onartzeko erabakia berriz aztertzea eskatzeko Mahaia berriro bildu da oposizioak eskatuta. Xavier Murok bertan azaldu duenez, Ganberako funtzionarioei lege-proposamena ez argitaratzeko agindua eman die.

Murok araua argitaratzeari uko egiten ziola ikusita, Junts pel Sik Mahaian dituen lau ordezkariek aurrera eraman dute tramitea: Lluis Guino, Anna Simo, Ramona Barrufet eta Carme Forcadell Ganberako presidentea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika Kataluniako erreferenduma Eguneko albisteak Albisteak