Politika -

Kataluniako erreferenduma

Puigdemontek sinatu du jada erreferendumerako deialdia

Kataluniaren erabakitzeko eskubidea "azkeneraino" defendatuko duela eta erreferendumaren emaitza "loteslea" izango dela azpimarratu du Puigdemontek.

Puigdemontek sinatu egin du erreferenduma deitzeko dekretua

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak eta Kataluniako Gobernuko kideek 23:35ean sinatu dute urriaren 1eko erreferenduma deitzeko dekretua.

Kataluniako Parlamentuan erreferendum legea onartu eta Kataluniako Buletin Ofizialean argitaratu ostean egin dute sinadura ekitaldia.

Aurretik, 22:30 inguruan, Puigdemontek Parlamentuko gela batean bildu ditu kontseilari guztiak, eta ondoren sinatu dute erreferendumerako deialdia.

Deialdia sinatuta, Puigdemontek agerraldia egin du Parlamentuko entzunaretoan, bere gobernuko kontseilariak ondoan zituela. Kataluniaren erabakitzeko eskubidea "azkeneraino" defendatuko duela eta erreferendumaren emaitza "loteslea" izango dela azpimarratu du.

Ildo horretan, herritarrei urriaren 1eko erreferendumean bozkatzeko deia egin die.

"Herritarren erabakia loteslea izango da Kataluniako Gobernuarentzat, hala izan behar duelako; azkeneraino defendatuko dugu katalanek bozkatzeko eta erabakitzeko duten eskubidean, eurak baitira euren etorkizuna erabaki behar dutenak. Kataluniak demokratikoki erabakiko du bere etorkizuna urriaren 1ean", azpimarratu du.

"Erabakitzeko eskubidearen defentsan dugun guztia ematen ari gara, lana, esfortzua, borondatea eta konpromisoa. Hori da gobernu batek egin behar duena bere herrialdearen une historiko batean dagoenean. Guztiok, salbuespenik gabe, horren erantzukizuna gure gain hartzen dugu", erantsi du.

"Kataluniak hartu behar duen bidea zein den erabakiko dute herritarrek: autonomiaren bidea eta murriztutako Estatutuarena edo Estatu independente eta errepublikano batera eramango gaituen bidea", nabarmendu du.

"Orain herritarren unea da, herritarrek bukatu behar dute azken urteotan egin dugun prozesu parte-hartzailea, positiboa eta transbertsala", adierazi du.

Honakoa gaineratu du Puigdemontek: "Bozkatzea, herritarrei entzutea, herritarrek erabakitakoa onartzea… hori da demokrazia. Eskubide hori ukatzea eta Kataluniako herritarrak mehatxuak egiten dituen estatu baten menpean mantentzea ez da demokrazia, hori beste gauza bat da".

Horren iritzian, Kataluniak aukera ezin hobea du "estatu demokratiko, moderno eta libre bihurtzeko". Eta hori hala izan behar den edo ez erabakitzea gizarteari dagokiola erantsi du. "Hori ez du auzitegi batek, ministroen kontseilu batek edo zilegitasunik ez duen eta politizatuta dagoen Auzitegi Konstituzional batek erabakiko", azpimarratu du.

"Inork ez du ahalmenik herritarrei erabakitzeko eskubidea kentzeko. Eskubide hori jendearena da, giza eskubide bat da", gaineratu du.

Puigdemonten esanetan, "iritzi guztiak dira zilegi eta aintzat hartzekoak, independentziaren aldeko botoak nahiz kontrakoak".

"Aldaketa garaia da, gizarteak aldaketak espero ditu. Mundua aurrera egiten ari da eta erabakiak hartzen ditu. Kataluniak aurrera doan mundu horren parte da, eta urriaren 1ean demokratikoki erabakiko du bere etorkizuna", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma gaur Albisteak Pere Aragonès