Politika -

KATALUNIAKO ERREFERENDUMA

Ehunka pertsonak Kataluniako erreferenduma babestu dute Euskal Herritik

Elkarretaratzeak egin dira Donostian, Gasteizen eta Bilbon. Herriaren etorkizuna herritarrek erabaki behar dutela nabarmendu dute, eta ez epaitegiek eta ministroek.

Bilbo, gaur. EFE.
Bilbo, gaur. EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urriaren 1ean Katalunian egitekoa den independentziari buruzko galdeketa babesteko elkarretaratzeak egin dituzte larunbat honetan Bilbon, Gasteizen eta Donostian. Kataluniarekin Koordinazioguneak eta Kataluniako Asanblea Nazionalak (ANC) Euskal Herrian duen ordezkaritzak deituta, ehunka pertsona bildu dira erabakitzeko eskubidearen alde. Diadarako bi egun besterik ez direla falta kontuan izanik, erreferendumak katalanei "Estatu modernoa, demokratikoa, justua eta askea" izateko aukera emango diela nabarmendu dute.

Bizkaiko hiriburuari dagokionez, Arriaga Antzokiaren plazan egin dute elkarretaratzea, eta bertara hurbildu diren lagunek Kataluniako banderak eta ikurrinak eraman dituzte. Ekitaldia amaitzeko unean 'Els Segadors' abestu dute eta adierazpen bat irakurri dute hiru hizkuntzetan (euskaraz, katalanez eta gazteleraz). Hala, herriaren etorkizuna herriak erabaki behar duela nabarmendu dute; "ez epaitegiek eta Ministro Kontseiluek".

Urtero bezala, 1714an tropa borboitarren aurkako gudan Kataluniak  "bere eskubideak galdu" zituela gogora ekartzen dute irailaren 11n. Alabaina, "eskubide osoko nazio bat bezala identitate propioa berreskuratzeko bidean" ari direla gaineratu dute. "Herria aitzindari izan den bide horretan, kalea eta jendearen konfiantza inoiz ez bezala irabazi ditugu, baita Gobernuaren konpromisoa prozesuarekiko", gaineratu dute.

Dena dela, Espainiako Gobernuaren "harrokeria" gaitzetsi dute, "behin eta berriro ahalegindu baita bere boterea erakusten Kataluniako herriaren nahiaren kontra". Dena dela, boterea "herritarren konbentzimendua" dela nabarmendu dute, eta urriaren 1ean demokratikoki adierazteko aukera izango dutela azpimarratu dute. "Demokrazia ate joka dugu. Urriaren 1ean, Katalunian, herritarren etorkizuna erabakitzeko egingo den erreferendumean errepublika oinarri duen estatu independentea eraiki edo bere eskubideak murriztuta dituen autonomia erkidego bat izaten jarraitu nahi duen erabakiko da".

Hala, hautestontzien bidez "erantzun demokratiko, zibiko eta transbertsala" emateko unea iritsi dela esan diete herritarrei, eta "Estatu modernoa, demokratikoa, justua eta askea" izan nahi duten bozkatzeko aukera izango dutela nabarmendu dute. "Herritarrek hartu beharreko erabakia da, ez epaitegiek eta Ministro Kontseiluek", ohartarazi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Bilbo berriak Donostia Kataluniako erreferenduma gaur Albisteak Gaur Gasteiz albisteak Albisteak