Politika -

Katalunia

Erreferendumaren aldeko alkateak deklaratzera deitzeko agindu du Fiskaltzak

Epaitegietara azaltzen ez direnak atxilotzeko agindu die Mossoei.

Estelada erraldoi bat, Diadaren manifestazioan. EFE
Diada 2017. EFE
Erreferendumaren aldeko alkateak deklaratzera deitzeko agindu dituzte

1:24

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Katalunian urriaren 1ean egin asmo duten autodeterminazio erreferendumari laguntza eskaintzeko prest azaldu diren alkateek deklaratzera joan beharko dute, ikertu gisa. Alkateon kontrako izapideak abiatzeko agindua bidali die Estatuko Fiskaltza Nagusiak Bartzelonako, Tarragonako, Lleidako eta Gironako fiskalburuei.

Are gehiago, ikerketarekin laguntzen ez badute eta epaitegietara deklaratzera ez badoaz, atxilotzeko agindu die Esquadra Mossoei.

Jose Manuel Maza Estatuko fiskal nagusiak sinatu du agindua, eta erreferendumari laguntzeko asmoa azaldu duten alkateen zerrenda osatu du. Zerrenda luzea izanik, biztanle gehien dituzten hiri eta herrietatik hasteko eskatu die fiskalei.

Instrukzioari atxikita, AMI Independentziaren aldeko Udalerrien Elkartearen webgunearen arabera Generalitateari lokalak uzteko dekretua sinatu duten 712 Udalen zerrenda bidali du Fiskaltzak. AMIren webgunearen arabera, lau demarkazioetako udalerriak daude: Manresa, Vic, Igualada, Vilafranca, Vilanova, Sitges, Tortosa, Reus, Cambrils, Amposta, Girona, Figueres, Olot, Balaguer, Les Borges Blanques, La Pobla de Segur, Solsona edota Tarrega, besteak beste.

Fiskaltzak bidalitako ofizioan jasotzen denez, Carles Puigdemot Kataluniako presidenteak eta Oriol Junqueras presidenteordeak sinatutako eskutitza Kataluniako udalerri guztietara bidali da "legez kanpoko erreferenduma egiteko lokalak uztea eskatzeko", eta urriaren 1eko erreferenduma ahalbidetzeko edozein jarrera delitu izan daiteke.

CUPeko alkateek ez dute deklaratuko

CUPek iragarri du jada bere alderdiko alkateak (30 inguru) ez direla bere borondatez joango auzitegira.

"Gure alkateak ez dira deklaratzera joango eta ez dituzte Estatuko fiskal nagusiaren zitazioak aintzat hartuko, Autodeterminaziorako Erreferendum Legeak babestuta daudelako", azpimarratu du ohar batean.

Gainerako indar politikoetako alkateei ere gauza bera egiteko dei egin die.

Bestalde, l’Ametlla de Mar (Tarragona) eta Argentona (Bartzelona) herrietako alkateek, ERCkoa bata eta CUPekoa bestea, erreferenduma legez kanpokoa dela esanez Auzitegi Konstituzionalak igorritako jakinarazpenak hautsi egin dituzte, sare sozialetan zabaldu dituzten bideo banatan ikus daitekeenz.

Jordi Gaseni (ERC) alkateak ondoko mezua idatzi du: "Jasota eta artxibatuta Espainiako Gobernuak l’Ametlla de Marreko alkatetzari egindako eskaera".

Eudald Calvo (CUP) Argentonako alkateak, berriz, ondokoa adierazi du: "Artxibatu dugu jada Espainiako Gobernuak egindako ohartarazpena".

Rajoyk katalanei: "Ez joan hauteslekuetara"

Mariano Rajoy Espainiako presidentea ere mintzatu da Kataluniako erreferendumaz. Horren esanetan, galdeketa ez da egingo, eta horretarako "bitarteko guztiak" jarriko dituzte Exekutiboak, epaileek eta poliziek.

Kataluniako herritarrei zuzenduta, hauteslekuetara ez joateko eskatu die, legez kontrako ekintza izango litzatekeelako "erabat". Hori esanda, "lasai" egoteko esan die denei, Gobernuak erreferenduma ez egiteko neurri guztiak hartuko dituelako.

"Inork hautesleku batean egoteko eskatzen badie, ez joateko esan nahi diot, ez baita erreferendumik egingo eta legez kontrako ekintza erabatekoa litzatekeelako", esan du Kongresuan Gobernuaren kontrolerako saioa amaitutakoan.

MARIANO RAJOY CONGRESO EFE

(Mariano Rajoy, kontrolerako saioan. EFE)

Espainiako Gobernuak Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzeko asmoa ote duten galdetuta Rajoyk azpimarratu duenez, "aurreikusten den aukera bakarra da Espainian legea eta herritarren eskubideak errespetatzea". Gaineatu duenez, aurreko astean Kataluniako Parlamentuan egin zen saioan oposizioko kideen eskubideak urratu ziren eta "24 orduan legezkotasuna aldatu, burujabetza nazionala likidatu eta erreferendum bat deitu zen".

Katalanek jarrera intsumisoa har dezaketela galdetuta, Rajoyk erantzun du berdin duela intsumiso egiten diren ala ez, haren esanetan, Espainian legea bete egiten delako. "Hala ez balitz, herritar gehienen borondatea ez litzateke beteko eta bakoitzak nahi duena egin ahalko luke. Bistan denez, hori ez da posible. Ez dago munduan Gobernurik gisa honetako erreferendumik egitea onartuko lukeenik, bakar bat ere ez", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika Kataluniako erreferenduma gaur Espainiako Gobernua bideoak Espainia Eguneko albisteak