Politika -

Ikasturte politiko berria

Nafarroako akordio programatikoa babestu du Barkosek

"Argudio apokaliptikoak" gezurtatu ditu Nafarroako presidenteak, eta "bakoitzak bere kalkulu politikoak egiten hasteak" ekar lezakeen "arriskuaz" ohartarazi du.

Uxue Barkos, Nafarroako presidentea. Argazkia: EFE
Uxue Barkos, Nafarroako presidentea. Argazkia: EFE
Uxue Barkos, Nafarroako presidentea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernua osatzeko sinatutako akordio programatikoa babestu du igande honetan Uxue Barkos Nafarroako presidenteak, Geroa Bai alderdiak ikasturte politiko berriari hasiera emateko Iruñean egindako ekitaldian. Akordio hori tresna "baliagarria" dela esan du, eta legegintzaldiaren bigarren parteari begira, "bakoitzak bere kalkulu politikoak egiten hasteak" ekar lezakeen "arriskuaz" ohartarazi du.

"Arrisku horrek portaera eta jarrera batzuk azaltzen ditu, eta aurrera begira okertu egingo gara", azpimarratu du Barkosek. Ildo horretatik, akordioa bilatzeko eskua luzatuta duela esan du, eta, arrazoi horregatik, desberdintasunaren aldeko aldarria egin du.

"Aurkaria ez dago etxean, sinatutako akordiotik kanpo baizik", ziurtatu du ikasturte politikoari hasiera emateko ekitaldian. Oposizioak erabilitako "argudio apokaliptikoak" datu ekonomikoekin gezurtatu ditu Nafarroako presidenteak eta Abiadura Handiko Trena bezalako gai "garrantzitsu eta sentikorren inguruan" azken asteotan sortutako polemikak deitoratu ditu.

Koldo Martinez Geroa Baiko talde parlamentarioaren bozeramailea, Itziar Gomez Iruñeko Udalean koalizioko bozeramailea eta alderdi horretako kideak izan dira gaur, Barkosekin batera, Uharteko Don Carlos Hotelean. Hurrengo hilabeteetan koalizioak jarraituko duen "ildo politiko nagusia" aurkeztu dute bertan, baita "ikasturte honetan aurre egin beharreko erronkak" ere.

Abiadura Handiko Trenaren inguruan hitz egiteko tarte handia hartu du Barkosek, eta "nafarrei 25 urtez ukatu egin zaien azpiegitura" baten aurrean, "antza, hiru eguneko atzerapenagatik" akordioa apurtzeko orduan izandako "arduragabekeria" leporatu dio Espainiako Sustapen ministroari.

"Zorroztasunez, seriotasunez eta zenbakiekin" lan egin duela azpimarratu ondoren, denbora honetan jaso duen "presio politiko bakarra" UPNk eta PPk Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartu aurretik sinatutako akordioaren harira izan dela esan du Barkosek. "Egun horretan, hitzarmena apurtzeko hitza eman zion Alderdi Popularrak UPNri", ziurtatu du.

"UPNk jostailu bat nahi zuen, eta jostailu hori lortu du, baina, tamalez, apurtuta dagoela uste dut, eta Nafarroari hitzarmen bat lapurtu zaio", nabarmendu du. Ildo horretatik, atzera begira jarraitzen badute azken urteotan izandako indarra galduko dutela ohartarazi die. Hala, Geroa Bai etorkizuna beste modu batera eraikitzeko eredu izango dela berretsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Albisteak Alderdi Popularra UPN Nafarroako albisteak Uxue Barkos Alderdi politikoak albisteak Eguneko albisteak Nafarroako Gobernua albisteak