Politika -

Kataluniako erreferenduma

Hauteslekuak zigilatzeko eta husteko agindua eman die fiskalak mossoei

Gainera, kalean 100 metroko inguruan botoa galarazteko eskatu die Kataluniako Fiskaltza Nagusiak mossoei. Dispositiboak ordena publikoan arazo larriak sor ditzakeela uste dute mossoen buruzagiek.

Esquadra Mossoak, Kataluniako kaleetan. Argazkia: EFE
Esquadra Mossoak, Kataluniako kaleetan. Argazkia: EFE
Esquadra Mossoak, Kataluniako kaleetan. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urriaren 1eko erreferendumean erabiliko dituzten hauteslekuak zigilatzeko agindua eman die Kataluniako Fiskaltza Nagusiak Esquadra Mossoei. Era berean, irailaren 30a baino lehen hauteslekuetan dauden pertsonak aterarazteko eskatu eta kalean 100 metroko inguruan botoa galarazteko eskatu diete mossoei.

Hauteslekuetan dauden pertsonak eta okupazioan parte hartzen dutenak identifikatzea eta hautestontziak, ekipo informatikoak, boto-txartelak, dokumentazioa eta propaganda konfiskatzea eskatuko die Jose Maria Romero de Tejada Kataluniako fiskalburuak Poliziako buruzagiei asteazkeneko bileran.

Urriaren 1eko 21:00ak arte zigilatzea betetzen dela bermatzeko eskatuko die fiskalak mossoei, zigilatze hori hausten den kasuen berri ematea, eta baita mahaiak osatzen ez direla ziurtatzea ere.

Estatuko segurtasun indarren laguntza

Eskumen markoari eutsita, Esquadra Mossoek “udaltzainen lankidetza eta laguntza eskatu” ahal izango dute, eta nahikoa ez balitz, Estatuko segurtasun indarren babesa ere.

Fiskaltzaren hitzetan, mossoek “mahaiak osatzen ez direla bermatuko dute, dispositibo handi baten bidez”. Antolatzaileek mahaiak 07:30etik aurrera osatu nahi dituzte. Poliziaren dispositiboa aldez aurretik martxan jarriko dute, sarrera eragozteko.

Fiskalburuaren aginduak zehazten duenez, hauteslekua eraikin handi batean dagoenean, mossoek “zentroko beste toki batean edo inguruetan bozkatzea” eragotziko dute, “baita kalean ere- 100 metroko inguruan”.

Mossoak, istiluen beldur

Bestalde, Fiskaltzaren aginduaren aurrean kezka agertu dute Esquadra Mossoek, dispositiboak ordena publikoan arazoak sortu ditzakeela uste dutelako.

Kataluniako Poliziaren iturriek jakitera eman dutenez, mossoen buruzagiak arratsaldean bildu dira, Fiskaltzaren agindua aztertzeko.

Nahiz eta Fiskaltzaren aginduak beti bete dituztela esan, Ministerio Publikoaren azken instrukzioak ordena publikoan arazo larriak sor ditzakeela uste dute mossoen buruzagiek.

Junqueras: "Mossoek ezin dituzte herritarren eskubideak murriztu"

Oriol Junqueras Generalitateko presidenteordearen ahotan, Kataluniako erakundeek, unibertsitateek, eskolek, ospitaleek eta Esquadra Mossoek “ezin dituzte herritarren eskubideak mugatu”.

“Jendearen zerbitzura egon behar dira eta herritarren eskubideak murrizteko ez dituzte erabili behar”, adierazi du ERCren ekitaldi batean, Ripolleten.

U-1eko hauteslekuetako arduradunak identifikatzen hasi dira mossoak

Urriaren 1ean egitekoa den erreferendumeko hauteslekuetako arduradunak identifikatzen hasi dira astearte honetan Esquadra Mossoak. Gauzak horrela, Fiskaltzak bart emandako agindua bete dute mossoek, goizean hezkuntza eta administrazio zentroetara joan baitira arduradunei buruzko datuak biltzeko asmoz. Era berean, U-1era begira prestatuta izan ditzaketen materiala (hautestontziak, ordenagailuak edota boto-paperak) konfiskatzeko agindua dute.

Ikerketaren gertuko polizia iturriek jakinarazi dutenez, Kataluniako Poliziako agenteak eskoletan, institutuetan eta administrazio zentroetan izan dira goiz honetan, arduradunei buruzko “informazioa biltzeko errekerimenduarekin”. U-1eko erreferendumari buruzko “jarraibiderik” jaso ote duten galdetu ostean, egoitza horietako arduradunak identifikatu dituzte mossoek.

Kataluniako Fiskaltza Nagusiaren aginduz burutu dituzte identifikazioak, eta iganderako aurreikusita dagoen erreferendumean botoa emateko egoitzaren giltza entregatzen badute prebarikazioa, desobedientzia eta dirua bidegabe erabiltzearekin lotutako delituen “laguntzaile izan direla” kontuan hartu daitekeela ohartarazi diete egoitza horietako arduradunei. Hala, auzipetuak izan daitezkeela eta epaileak zigor ekonomiko zein penalak ezarri ahal dizkiela esan diete.

Erreferendumari begira Generalitatearen lankidetza eskakizunik edota Hezkuntza Sailaren ohartarazpenik jaso ote duten galdetu diete mossoek egoitza horietako ordezkariei.

Komunikazioa ahozkoa izan den kasuetan, hizketakidea identifikatu behar izan dute mossoek (izen-abizenak eta emandako informazioa eskatuz). Gainera, boto-paperak, hautetsontziak, boto-emaileen zerrendak edo ordenagailuak topatzekotan berehala konfiskatu behar dituzte.

Egoitza horretako arduradunak komunikazioa idatziz jaso izan badu, dokumentazio hori mossoen esku uzteko eskatu diote, giltzak entregatzeko eskaera barne.

Gauzak horrela, egoitza bateko arduradun batek erreferendumerako materiala (boto-paperak, hautetsontziak, boto-emaileen zerrendak edo ordenagailuak) jaso izan badu agenteei berehala jakinarazi behar die eta haien esku utzi behar du eskuratutako material guztia.

Hala, kanpotarrak egoitza horren barruan sartzen badira denborarik galdu gabe jakinarazi behar diete mossoei. Halaber, igandean egoitza zabaltzeko debekua dutela gogorarazi diete.

Ondorioz, “inolako mehatxurik edo presiorik” jaso badute Fiskaltzari horren berri eman behar diotela azaldu diete mossoek hezkuntza eta administrazio zentro horietako arduradunei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Bartzelona albisteak Kataluniako erreferenduma gaur Espainiako Gobernua albisteak Espainia bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Kataluniako prozesua zuzenean