Publizitatea
X

Irratia zuzenean

Kataluniako erreferendumaren emaitzak 2017

Politika

Kataluniako erreferenduma

2 milioi pertsonak eman dute botoa, eta baiezkoaren aldekoak % 90 izan dira

Agentziak | Erredakzioa

2017/10/01

Segurtasun Indarrek ia 800.000 boto atzeman dituzte, eta ezin izan dira zenbatu. 800 pertsona baino gehiago zauritu dira Poliziaren oldarraldietan.

1:36
  • Partekatu
  • Bidali

Iruzkinak

Espainiako Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak ez dute lortu Kataluniako erreferenduma galaraztea, hainbat hauteslekutan indarrez eta indarkeria erabiliz sartu diren arren, bi milioi pertsonak baino gehiagok eman baitute botoa. Boto-emaileen % 90ek independentziaren alde egin dute, eta gutxienez 844 herritar zauritu dira, horietako bi larri, Estatuko Segurtasun Indarren oldarraldietan.

Hain zuzen ere, Generalitateak 2.262.424 boto zenbatu ditu. Segurtasun Indarrek beste 770.000 atzeman dituzte, eta horiek, beraz, ezin izan dituzte kontuan hartu.

Zenbatutako 2.262.424 boto horietatik 2.020.144 independentziaren aldekoak izan dira, hots, botoen % 90. Ezetzaren alde 176.566 pertsonak (% 7,8) egin dute, 45.586 boto (% 2) zuriak izan dira, eta 20.129 (% 0,89), baliogabeak.

Kataluniako Gobernuak ez du parte-hartzearen inguruko daturik eman, baina errolda 5.313.000 pertsonakoa zela kontuan hartuta, hautesleen % 42k eman dute botoa. Jordi Turull Presidentetza kontseilariaren esanetan, Poliziak "ostu" dituen 770.000 botoak kontuan hartuta, % 55ekoa izango litzateke parte-hartzea.

Erreferendum legearen 4.4. artikuluaren arabera, Kataluniako Parlamentuak independentzia aldarrikatu behar du emaitzen berri eman eta 48 orduko epean.

Bozkatzeko ilarak, eta oldarraldi bortitzak

Bozketa egunean, bi motatako irudiak izan dira nagusi: batetik, hainbat pertsona, gazte zein heldu, ilarak egiten, botoa eman ahal izateko, eta, bestetik, Espainiako Polizia Nazionala eta Guardia Zibila, boto-emaileen aurka oldartzen. Guztira, 844 zaurituren berri dute.

Generalitatearen arabera, Segurtasun Indarrek 2.315 hauteslekuetako 300 inguru itxi dituzte. Ehunka pertsonak erresistentzia baketsua egin dute, agenteak ikastetxeetara sartzea eta hautetsontziak atzematea galarazteko.

Bozketaren formatua ere ezohikoa izan da: Kataluniako Gobernuak "errolda unibertsala" ezarri du, nonahi bozkatu ahal izateko. Gainera, gutun-azalik gabe eta etxean inprimatutako boto-paperekin bozkatu ahal izan da. Halaber, Segurtasun Indarrek botoak zenbatzeko sistema informatikoa blokeatu dute, eta, horrenbestez, boto horiek guztiak zenbatzeko prozesuak luze jo du.

Esquadra Mossoek ere jaso dute Estatuaren kritikarik. Izan ere, uko egin diote boto-emaileen aurka indarkeria erabiltzeari, eta, ondorioz, hainbat hauteslekuk zabalik jarraitu dute.

Horren ildotik, gutxienez sei epaitegik ikerketa abiatu dute Kataluniako Polizia autonomikoaren kontra, desobedientzia delitua leporatuta. Tentsio uneak ere ikusi izan dira mossoen eta guardia zibilen artean.

Gironako Sant Julia de Ramis udalerriko kiroldegian eman du botoa Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak. Bertan sortu dira bozkatzera joan diren herritarren eta boto-kutxak eta boto-paperak eramatera bertaratu diren segurtasun indarren arteko tentsio une handienak.

09:15 aldera, Guardia Zibileko eta Polizia Nazionaleko kideak bertaratu dira kirol pabiloi horretan, hautetsontziak eta botoa emateko materiala atzemateko asmoz. Inguruan zeuden ehunka pertsona segurtasun indarrei bidea ixten ahalegindu dira. Agenteek, orduan, karga egin dute haien kontra, eta bertan zeuden pertsona asko lurrera erori dira.

Botoa emateko asmoa zuten herritarren kontrako karga poliziala. Argazkia: EFE

Botoa emateko asmoa zuten herritarren kontra egin du Espainiako Poliziak. Argazkia: EFE

Puigdemontek ontzat eman du U-1a

Behin hauteslekuak itxita eta erreferendumaren emaitzak jakin aurretik, Carles Puigdemontek ontzat eman du urriaren 1eko galdeketa, eta horren emaitzak Kataluniako Parlamentura eramango dituela esan du, baiezkoak irabaziz gero, 48 ordutan, independentzia aldarrikatzeko, eta ezezkoak irabaziz gero, hauteskundeak deitzeko.

Generalitatean eskainitako agerraldi instituzionala Kataluniako Gobernuko kideak inguruan zituela egin du Puigdemontek. "Estatua oztopatzen saiatu den erreferenduma egiten lortu dugu", adierazi du. Gainera, Europara zuzendu da, eta "Estatuaren errepresioaren aurrean, Kataluniako auzia ez da bakarrik Espainiako barne-auzia, Europa mailako auzia baizik", esan dio nazioarteari. Gainera, U-1ean izandako "indarkeria polizial larria" salatu du.

Generalitateko presidenteak Batzorde Exekutiboaren ezohiko bilera deitu du astelehen honetarako, 10:30erako, Generalitateko egoitzan.

Alderdi guztiak deituko ditu Rajoyk

Bestalde, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiak deituko dituela iragarri du, "guztion etorkizunaren gainean hausnarketa egiteko guztion artean".

Gainera, astelehenean agerraldia egingo du Kongresuan. Izan ere, astelehenean bertan, "normaltasun instituzionala berriro ezartzeko" lanean hasiko da.

Indarkeria polizialaren inguruan Rajoyk esan duenez, Katalunian jazotakoaren "erantzule bakarrak legezkotasunaren bortxaketa eta elkarbizitzaren apurketa sustatu dutenak dira".

Botoa emateko asmoa zuten herritarren kontrako karga poliziala. Argazkia: EFE

Botoa emateko asmoa zuten herritarren kontrako karga poliziala. Argazkia: EFE

Greba orokorra, urriaren 3an

Testuinguru honetan, Kataluniako Asanblea Nazionalak (ANC) eta Omnium Cultural elkarteak greba orokorra deitu dute astearterako, urriaren 3rako. Deialdiarekin bat egitea eskatu diete herritarrei elkarte independentistek.

Gaurkoa "egun historikoa" izan dela nabarmendu du Jordi Cuixart Omnium elkarteko presidenteak, Bartzelonako Catalunya plazan egindako agerraldian: "Gaur dena hasi da. Estatuak erreferenduma galarazteko makineria guztia martxan jarri duen arren, badakigu herritarrek botoa eman dutela".

'Lapiko jotzeak', Euskal Herrian

Espainiako Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak erabilitako indarkeria salatzeko, Euskal Herriko hainbat herritan 'lapiko-protestak' egin dituzte.

 

 

 

 

Iruzkinak

Publizitatea
Publizitatea

NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN
Erreportajeak Aktualitateari buruzko elkarrizketak. Erreportajeak
Publizitatea
Publizitatea

Bisitatuena

    Kargatzen ikusiena
        Kargatzen ikusiena