Publizitatea
X

Irratia zuzenean

Puigdemontek ontzat jo du U-1a eta herritarren agindua beteko duela dio

Politika

Kataluniako erreferenduma

Puigdemontek independentziarako atea zabaldu du

Agentziak

2017/10/01

16:00etan, Kataluniako Parlamentuaren Bozeramaileen Batzordea bilduko da, erreferendum legean jasotako ibilbideari jarraituz, independentzia aldarrikatuko duen osoko saioa noiz egin zehazteko.

6:05
  • Partekatu
  • Bidali

Iruzkinak

Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak jakinarazi duenez, hurrengo egunetan Kataluniako Parlamentuaren esku utziko ditu urriaren 1ean egindako erreferendumaren emaitzak, erreferendum legean jasotako neurriak martxan jartzeko. Lege horretan jasotakoaren arabera, baiezkoak irabaziz gero, independentzia aldarrikatzeko eskatu behar dio Parlamentuari, eta ezetza gailenduz gero, hauteskunde autonomikoak aurreratzeko.

Igandean egin ditu adierazpen horiek Puigdemontek, Generalitatearen jauregian Kataluniako Gobernuko kideekin batera egindako agerraldian.

Generalitateko presidentea "Espainia, Europa eta mundu osoko demokratei" zuzendu zaie, eta independentziari buruzko galdeketan "Poliziak erabilitako indarkeria" kritikatu du, karga polizialetan ehunka pertsona zauritu baitituzte.

"Katalanok errespetatuak izateko eskubidea irabazi dugu Europan. Europar Batasunak ezin du beste alde batera begiratzen jarraitu. Europako hiritarrak gara oinarrizko giza eskubideen gutun europarrean jasota dauden eskubide eta askatasun urraketak pairatzen ari garenak", esan du.

Puigdemonten arabera, Europar Batasunaren "oinarrizko baloreak arriskuan daude, larderiaz jarduten duen estatu baten abusuengatik", eta, hori dela eta, "berehala esku hartu behar du, aginte morala mantentzeko, kontinentearen barruan zein kanpoan".

Puigdemonten esanetan, Kataluniak "erreferendum asko irabazi" ditu, eta katalanek "entzunak, errespetatuak eta aitortuak izateko eskubidea" irabazi dute.

Kalera atera diren "milioika pertsonak euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea" dutela jakinarazi diote munduari, eta "bakean, indarkeriarik gabe" bizi nahi dutela, "inposizioa eta indarra erabili besterik ez dakien estatu batetik kanpo".

"Kataluniako hiritarrok errepublika bihurtuko den estatu independente izateko eskubidea irabazi dugu. Hortaz, datozen egunotan, nik gidatzen dudan gobernuak gaurko emaitzak Kataluniako Parlamentuari, gure burujabetzaren egoitzari, igorriko dizkio, erreferendumaren legeari jarraituz jardun dezan", azaldu du.

Halaber, "Poliziaren indarkeriak" zauritutako 800 bat pertsonez ere mintzatu da. Kataluniako presidentearen esanetan, "giza eskubideak urratu eta iraindu dituzte, eta ezin dira zigorrik gabe geratu".

Puigdemontek salatu duenez, "Estatuaren eta Kataluniaren arteko historiaren orrialde lotsagarria idatzi du" Espainiako Gobernuak: "Noiz arte? Nahikoa dela esan dugu gaur".

"Hemendik aurrera egin behar dugun bidea elkarrekin egin behar dugu", esan du Puigdemontek, eta, gainera, "katalanen borondatea errespetatuko dituzten elkarrizketarako proposamenak" hartzeko prest agertu da, baita "bitartekaritza eskaintzak" ere.

Bozeramaileen Batzordearen bilera, 16:00etan

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuaren presidenteak Bozeramaileen Batzordearen bilera deitu du astelehenerako, 16:00etan, hurrengo osoko bilkuraren eguna eta gaien zerrenda zehazteko.

Parlamentuak irailaren 6an onartu eta, gerora, Konstituzionalak baliogabetu zuen erreferendum legearen arabera, "Hauteskunde Batzordeak emaitza ofizialak adierazi eta bi egunera ohiko saioa" egingo da Parlamentuan, "independentzia adierazpen ofiziala egin, horren ondorioak zehaztu eta prozesu konstituziogilea abiarazteko", baiezkoak irabaziz gero.

Roger Torrent Junts Pel Sí hautagaitzaren bozeramaile ondokoak aurreko astean esan zuenez, "logikoa, zentzuzkoa eta gomendagarria" da erreferenduma egin ostean Bozeramaileen Batzordea elkartzea, Parlamentuak nola jokatu behar duen aztertzeko, erreferendumeko emaitzen arabera.

Puigdemontek ere deitu du bilera

Carles Puigdemontek Kataluniako Gobernuaren ezohiko bilera deitu du astelehenean, 10:30ean, Generalitatearen Jauregian.

Bilera pribatuan egingo badute ere, hedabideetako kamerak sartu ahal izango dira, bileraren hasierako irudiak hartzeko.

Rajoy zuzendaritzarekin bilduko da, estrategia zehazteko

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak PPren zuzendaritzak egingo duen bilera zuzenduko du. Batzarrean, urriaren 1ean Katalunian gertatutakoa eta Carles Puigdemont presidente katalanak emandako azken pausoak aztertuko dituzte.

Rajoyk astelehenero elkartzen du PPren zuzendaritza, jarraitu beharreko estrategia erabakitzeko, eta hala egingo du urriaren 2an. Maria Dolores de Cospedal Defentsa ministro eta PPren idazkari nagusiak, Fernando Martinez-Maillo koordinatzaile nagusiak, Pablo Casado, Javier Arenas, Andrea Levy eta Javier Maroto idazkariorde nagusiek, eta Rafael Hernando, Jose Manuel Barreiro eta Esteban Gonzalez Pons Kongresuko, Senatuko eta Europako Parlamentuko bozeramaileek osatzen dute.

Iruzkinak

Publizitatea
Publizitatea

NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN
Erreportajeak Aktualitateari buruzko elkarrizketak. Erreportajeak
Publizitatea
Publizitatea

Bisitatuena

    Kargatzen ikusiena
        Kargatzen ikusiena