Politika -

U-1eko karga polizialak

Katalunian Polizia hoteletatik bota izana ikertuko du Fiskaltzak

Calellako alkateak ukatu egin du hoteleko jabeei presio egin izana eta guardia zibilek herritarrak borra hedagarriekin jipoitu zituztela jakinarazi du. 14 pertsona zauritu zituzten.

Kalez jantzitako guardia zibil bat, borra eskuan, Calellan. Argazkia: EITB
Kalez jantzitako guardia zibil bat, borra eskuan, Calellan.
Kalez jantzitako guardia zibil bat, borra eskuan, Calellan. Argazkia: EITB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fiskaltza Nagusiak Kataluniako hainbat hoteletan Estatuko segurtasun indarrak kanporatzeko hartu duten erabakiari buruzko informazioa jaso du, eta gertaerak ikertuko ditu, batik bat, ostalariek ateak ixteko "mehatxurik edo legez kanpoko presiorik" jaso duten argitzeko.

"Informazioa aztertzen ari gara, lokal horietako arduradunek edo langileek legez kanpoko presiorik edo mehatxurik jaso duten argitze aldera, jarduketarik hasi behar dugun ikusteko", esan du Fiskaltzak astearte honetan argitaratu duen oharrean.

Adibidez, Calellan (Bartzelona), hotel batek bertan ostatu hartuta zeuden 200 guardia zibil baino gehiago bota ditu, hotel aurrera protestan joandako hainbat manifestariri erasotzeagatik.

ETBn egindako elkarrizketa batean, Montserrat Candini (PDeCAT) Calellako alkateak ukatu egin du hoteleko jabeei guardia zibilak handik botatzeko presio egin izana eta, era berean, Estatuko segurtasun indarrak ematen ari diren bertsioa gezurtatu egin du. Kataluniako herritarrengandik "erasoak eta jazarpena" pairatzen ari direla salatu dute Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak.

Aipatu 200 guardia zibilek 15-20 egun zeramatzaten Calellako hotelean ostatu hartuta eta atzo goizaldera arte ez da inoiz istilurik izan.

"Igandean erakutsi zuten jarreraren ondorioz, adin guztietako herritarrak hotelaren aurrean bildu ziren, modu baketsuan, eta ‘agur, agur’ esaten duen Kataluniako abesti ezagun bat kantatu zuten, erreferendumean erabili zuten indarkeria arbuiatu eta guardia zibilak han jarraitzerik nahi ez zutela adierazteko", azaldu du Candinik.

"Une horretan, agenteak balkoira atera eta manifestarien aurka listua botatzen hasi ziren. Gainera, kalez jantzitako guardia zibilek Esquadra Mossoen hesia gainditu zuten eta borra hedagarriekin herritarrak jipoitzeari ekin zioten. 14 pertsona zauritu zituzten eta lau ospitalera eraman behar izan zituzten”, zehaztu du.

Horrez gain, alkateak ukatu egin du hoteleko jabeei inolako presiorik egin izana Guardia Zibila botatzeko: "Erabat gezurra da hori. Guardia Zibilak inposatu nahi duen errelatoa da, Espainiari zuzendutakoa".

"Enpresariek eurek deitu zidaten atzo goizean erabat haserre; izan ere, atentatuak izateko alerta-maila 4ra igo zutenaren argudioarekin etorri ziren aipatu agenteak Calellara eta haiek hoteletik joateko zer egin behar zuten galdetu zidaten, erreferendumean izan zuten jarreraren ostean, haiekin inolako harreman komertzialik izan nahi ez zutelako. Goiz horretan bertan eten zuten Guardia Zibilarekin zuten kontratua", erantsi du.

Nolanahi ere, Candinik argi utzi nahi izan du arazoa ez direla Guardia Zibila edo Espainiako Polizia. "Arazoa haien jarduteko modua da. Calellan Guardia Zibilaren kuartela dago eta inoiz ez da arazorik izan; alderantziz, harreman ona eta errespetuzkoa dugu".

"Gakoa ondokoa da: Kataluniara bidali dituzten unitate berezien borondatea min egitea dela", azpimarratu du.

Polizien sindikatuek premiazko neurriak eskatu dituzte

Bitartean, Espainiako Poliziaren sindikatuek "premiazko neurriak eta eraginkorrak" hartzeko eskatu diote Barne Ministerioari Katalunian dauden agenteen segurtasuna bermatzeko, Katalunian bizitzen ari diren "eraso eta jazarpenengatik".

Ohar bateratu batean, bost sindikatuek (SUP, SPP, CEP, UFP eta ASP) "neurri legal eta politiko guztiak baliatuz, praktika mafioso hauei amaiera emateko berehala" eskatu diote Juan Ignacio Zoido Barne ministroari.

Bestalde, Juan Ignacio Zoido Barne ministroak, berriz, nabarmendu du Polizia eta Guardia Zibila ez direla Kataluniako hoteletatik aterako, horretarako kontratua indarrean dagoen bitartean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika Bartzelona albisteak Kataluniaren independentzia Eguneko albisteak Kataluniako prozesua zuzenean Turismo-ostatuak Euskadi