Politika -

Begiraleen txostena

'Erreferendumak ez zituen estandarrak bete Poliziaren esku-hartzeagatik'

Daan Everts Herbehereetako enbaxadore ohiak zuzendutako taldeak ondorioztatu duenez, erreferendumak ezin izan zituen nazioarteko estandarrak bete, “aurkako baldintzetan egin zutelako”.

Poliziak hautestontzi batekin iragan igandean. Artxiboko irudia: EFE
Poliziak hautestontzi batekin iragan igandean. Artxiboko irudia: EFE
Poliziak hautestontzi batekin iragan igandean. Artxiboko irudia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Limited Observation Mission (Ilom) nazioarteko begirale taldeak azaldu duenez, urriaren 1eko erreferendumak ezin izan zituen nazioarteko estandarrak bete, “aurkako baldintzetan egin zutelako” Poliziaren esku-hartzearen ondorioz.

Agiri baten bidez Daan Everts Herbehereetako enbaxadore ohiak zuzendutako begiraleek azpimarratu dutenez, bozketan zehar kargak gertatu ziren eta Poliziak materiala atzeman zuen. “Hala eta guztiz ere, hauteskunde-mahaietako arduradunak hauteskunde-prozedurak jarraitzen saiatu ziren”, azaldu dute txostenean.

Nahiz eta nazioarteko estandarrak bete ez direla argi esan, Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren indarkeriak bozketaren emaitza “sendotu” duela gaineratu du txostenak.

Begiraleek irailaren hasieratik aztertu dute erreferendumaren prozesua, eta, horien txostenaren arabera, “Espainiako Gobernuak Zuzenbide Estatua eta lurraldearen batasuna babesteko asmoarekin emandako erantzuna kalterako izan da, emaitza sendotu duelako”.

“Espainiako Poliziaren indarkeriak ez du tokirik demokrazia sendoetan, nabarmendu dute begiraleek. Gobernu zentralak erreferenduma eragozteko emandako erantzuna indarrean oinarritu dela azpimarratu dute.

Gardentasun falta, mehatxuak eta isunak

Bestalde, erreferendum legea aurrera ateratzeko prozedura kritikatu dute begiraleek, “praktika egokiak baztertuz” onartu zutelako, besteak beste, “irakurketa bakarra, eztabaida mugatua, Berme Kontseiluari galdetu gabe eta gehiengo sinplearekin”.

Kataluniako Hauteskunde Batzordeari dagokionez, kideekin bildu zirela azaldu dute nazioarteko begiraleek. Urriaren 1a heldu baino astebete lehenago desegin zen, eta kideek Estatuaren eta auzitegien “mehatxuak eta isunak” jasan dituzte.

Horrela, “erreferendumaren xedapen ugari ez ziren argitaratu eta prozesua ez zen gardena izan”, ohartarazi dute. Estatuak erabaki guztien aurka egin duela gaineratu dute.

Era berean, mahaietako kideak normaltasunez informatzea ez dela posible izan gogorarazi dute, Poliziak jakinarazpenak atzeman zituelako. Gainera, katalan askok ez zekiten non eman behar zuten botoa, ez zelako hauteskunde-mahaien zerrendarik argitaratu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea