Politika -

Gurtel auziaren epaiketa

Barcenasen eta Lopez Viejoren aurkako zigor eskaerak murriztu ditu fiskalak

Concepcion Sabadell fiskalak Barcenasen eta Lopez Viejoren aurkako zigor eskariak murriztu ditu. Hasieran, 42 eta 46 urteko kartzelaldia eskatu zuen horientzat, hurrenez hurren.

Luis Barcenas PPko altxorzain ohia eta Alberto Lopez Viejo Madrilgo kontseilari ohia. Argazkia: EFE
Luis Barcenas PPko altxorzain ohia eta Alberto Lopez Viejo Madrilgo kontseilari ohia. Argazkia: EFE
Luis Barcenas PPko altxorzain ohia eta Alberto Lopez Viejo Madrilgo kontseilari ohia. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Francisco Correa Gurtel sareko ustezko buruzagiarentzat 125 urte eta hilabete bateko espetxe-zigorra eskatzea erabaki du fiskalak. Luis Barcenas PPko altxorzain ohiaren eta Alberto Lopez Viejo Madrilgo kontseilari ohiaren kontrako akusazioak, ostera, murriztu ditu.

Epaiketaren gaurko saioan, Concepcion Sabadell fiskalak Barcenasen eta Lopez Viejoren aurkako akusazioak murriztu ditu. Hasiera batean, 42 eta 46 urteko kartzela-zigorra eskatzen zuen horientzat, hurrenez hurren. Pertsona Fisikoen Errengaren gainerako Zerga bidez iruzur egiteagatik Ogasun Publikoaren aurkako delitua (2009) kendu dio lehen horri, eta zergarekin lotutako delitu guztiak kendu dizkio bigarrenari.

Barcenasen eta Lopez Viejoren akusazioak murrizteko, adituen adierazpenak kontuan izan dituela azaldu du fiskalak.

Halaber, eskaerak murriztu dizkie epaiketan gertakariak onartu zituzten hiru akusatuei: Jacobo Gordon enpresaburua, Roberto Fernandez Pozuelo de Alarcon (Madril) udalerriko zinegotzi ohia eta Alfonso Garcia Pozuelo eraikitzailea. Bost hilabeteko espetxealdia eskatzen du lehenengoarentzat, hamaika hilabetekoa bigarrenarentzat (iruzur egin eta diru publikoa modu bidegabean erabiltzea egotzita) eta bi urtekoa hirugarrenarentzat (funtzionarioak erostea leporatuta).

Fiskalak ez ditu aldatu gainerako auzipetuentzat hasieran eskatutako zigor eskariak: Pablo Crespo Galiziako PPren Antolakuntza idazkari ohia (85 urte eta sei hilabete); Alvaro Perez, Alonso El Bigotes Correaren “lagun mina” (5 urte eta bi hilabete); eta Jose Luis Izquierdo sarearen ustezko kontularia (45 urte eta bi hilabete).

Guillermo Ortega (50 urte eta 10 hilabete) eta Jesus Sepulveda (15 urte eta 4 hilabete) Madrilgo Majadahonda eta Pozuelo de Alarcon hirietako alkate ohientzat hasieran egindako eskaerak ere, bere horretan utzi ditu Fiskaltzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Barcenas auzia Berriak Politika PP Ustezko ustelkeria politikoa Gaurko azken ordukoa